Birusak substratu gisa erabilita, ehunak sortu dituzte laborategian

Birus-geruzaren arabera, mota bateko edo besteko ehunak lortu dituzte

birusak-substratu-gisa-erabilita-ehunak-sortu-ditu
Birusen gainean hazitako ehunak; bakoitzak ehundura eta argia islatzeko propietate jakin bat du. Arg. Berkeleyko Kaliforniako Unibertsitatea

Kaliforniako Unibertsitateko eta Lawrence Berkeley Laborategi Nazionaleko ikertzaile batzuek lortu dute zelulak birus-geruza baten gainean haztea. Ikusi dute, gainera, birus-geruzaren egituraren arabera, zelulek era bateko edo besteko ehunak eratu ditzaketela. Naturan ere gertatzen dira horrelakoak: oinarrizko molekula jakin batetik abiatuta --esate baterako, I motako kolagenotik--, larruazala, hezurra edo begiko ehuna sor daiteke. Bat edo bestea eratzea, hain zuzen, kolagenozko beste molekulekin eta beste osagai batzuekin lotzeko erak zehazten du.

Egindako ikerketan, M 13 deritzen birusetan aberatsa zen gatz-disoluzio bat eta xafla bat erabili zituzten ikertzaileek hasieran. Xafla disoluzioan sartu eta atera egin zuten, eta lehortzen utzi gero, birus-geruza sor zedin. Ikusi zutenez, zenbat eta handiagoa izan disoluzioaren birus-kontzentrazioa, orduan eta konplexuagoa zen birusek xaflan eratzen zuten egitura. Mililitroko 0,1-0,2 miligramokoa zenean kontzentrazioa, gailurrak eta sakonuneak zituzten geruzak ikusi zituzten. 6 mg/ml-ra igotzean, berriz, fideo txinatarren antzeko formak zituzten geruzek. Halaber, ikertzaileak ohartu ziren xaflak disoluziotik ateratzeko abiadurak ere nolabaiteko eragina zuela; hain zuzen, geruzen propietate optikoak aldatzen zirela.

Birus-geruzak zelulak hazteko substratu gisa erabili zituzten ondoren. Bada, geruza-motaren arabera, zelulak desberdin hazi zirela ikusi zuten ikertzaileek. Substratuetako batean, adibidez, hortzetako esmaltearen antzeko ehuna sortzea lortu zuten. Aitortu dute jakin badakitela erabili duten prozesuak ez duela inolako antzik ehun horiek berez sortzeko duten moduarekin. Dena den, garrantzitsutzat jo dute ikustea zer garrantzitsuak diren inguruko faktoreak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila