Big Bang-aren teoria kolokan

Sortzen ari den galaxia izan daitekeen hidrogeno-hodei erraldoia-detektatu berri dute Virgo konstelazioan Riccardo Giovanelli eta Martha Haynes astronomoek. Aurkikuntza honek guztiak txunditurik utzi ditu, zeren unibertsoko leku hori “basamortutzat” bait zeukaten.

Eman dituzten datuak gainera, ez dira badaezpadakoak. Materi kontzentrazio edo hodeiak, gure Esnebidea (100.000 argi-urte neurtzen ditu) baino hamar aldiz handiagoa da.

Hodei hori lehendik ikusi ez izatearen arrazoia, izarrik ez edukitzea da eta horren ondorioz, aipatutako bi astronomoek hodeia jaiotzen ari den galaxia dela diote. Horrela balitz, adituen arabera gure unibertsoaren sorrera esplikatzen duen Big Bang-aren teoria kolokan geldituko litzateke; Big Bang-aren teoriak galaxiak unibertsoaren hasierako Leherketa Handitik sortu zirela bait dio.

Aurkikuntza kasualitatez egin dute Giovanelli eta Haynes astronomoek. Puerto Rico-ko Arrecibo-n dagoen Astronomi Zentru Ionosferikoan beren tresnak erregulatu asmoz espazioko alderdi “huts” batera zuzendu zituzten, unibertsoko hondo-zarata erregistratu eta gero beste alde batera orientatuta objektuak detektatu asmoz. Hondo-zarata erregistratu ordez ordea, irrati-seinale indartsuak iritsi ziren antena parabolikora. Seinaleak kontrastatu ondoren, unibertso zabalean 65 milioi argi-urtera beste “pieza” berri bat aurkitu zutela ez zegoen ukatzerik.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila