Bideo-kameretan aurrerakada

Kamera-operatzaileek orain baino errazago hurbiltzerik izango dute gertakizunetara BBCko ikerketa-sailak asmatutako irrati-kamera berri bati esker.

Irudiak hartu beharreko zenbait lekutan, askotan ezinezkoa izaten da kable eta guzti eramatea. Hau dela eta, aspalditxo diseinatu ziren irrati-kamerak, irudiak mikrouhinezko antena batez transmititzen dituztelarik. Lehenengo irrati-kamerek norabide guztietan emititzen zituzten seinaleak, horrela beste leku batean zegoen hargailuak seinale hauek jasotzen zituelarik, baina stadiumetako metalezko zatiek seinaleak isladatu egiten zituzten, interferentziak sortuz. Batzuetan interferentzia hauen eraginez irudia erabat gal zitekeen.

Geroago, BBCk zirkularki polarizatutako seinaleak erabili zituen, polarizazio-norabidea denboran zehar aldatu egiten zelarik. Horrela, isladatutako seinaleak jatorrizkoaren aurkako polarizazioa izatea lortzen zuen eta iragazki baten bidez polarizazioa aldatua zuten seinaleak (hau da, isladatutako seinaleak) iragazterik bazegoen.

Dena den, zenbait leku eta egoeratan kamera eta hartzailearen artean egon daitezke gaindi ezinezko oztopo fisikoak, eta hartzaileak isladatutako seinaleei kasu egiten ez badie, ez dago irudia emititzerik.

Irrati-kamera berriak zirkularki kokatutako sei antena ditu, bakoitzak hirurogei graduko eremua hartzen duelarik. Beraz, guztira zirkunferentziaren hirurehun eta hirurogei graduak hartzen dituzte. Ondoz ondoko telebista-irudien arteko denbora txikian antena bakoitzak test-seinale bat emititzen du. Hartzaileak jasotako seinaleetan indartsuena hautatzen du eta seinale bat bidaltzen dio irrati-kamerari, aipatu seinaleak hurrengo irudirako zein antena erabili behar duen agintzen diolarik.

Esandako hau irudiz irudi errepikatu behar da. Beraz, hogeita bost aldiz segunduoro. Orain arte egindako proba guztiak positiboak izan dira eta jadanik erabiltzen ari dira sistema hau.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila