Bideo holografikoak, koloretan eta merke

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

bideo-holografikoak-koloretan-eta-merke
Tximeleta baten holograma, ohiko bideo holografiko monokromatikoan (ezkerrean), eta MITen garatu duten koloretakoan (eskuinean). Arg. Daniel Smalley

Koloretako bideo holografiko baten prototipoa garatu dute MITeko Media Lab-eko ikertzaileek. Gaur egun laborategi-mailan egiten diren gailu monokromatikoen aldean, askoz merkeagoa da. Nature aldizkarian eman dute gailuaren berri. Telebista baten pareko bereizmena du, eta irudia 30 segundoro eguneratzen du, mugimendu-ilusioa sortzeko adina. Eta gailuaren bihotza den txip optikoa egitea 10 bat dolar kosta zaiela adierazi dute ikertzaileek.

Oinarrian MITeko beste ikertzaile batek duela urte batzuk lehenengotako bideo holografikoak egiteko garatutako teknika erabili dute. Zehaztasun handiz sortutako soinu-uhinek material garden batean eragindako aldaketa txikien bidez material horretatik pasaraziko den argia difraktatzean datza teknika horrek. Alegia, soinu-uhinek materiala puntu batean lasaitzea edo estutzea eragiten dute, eta hortik laser bat pasaraztean modu batera edo bestera difraktatzen da; horrela sortzen da holograma. Orain, teknikari hainbat hobekuntza egiteaz gain, material garden hori aldatu dute: telurio dioxidozko kristal handi eta garesti bat erabili beharrean, litio niobatozko kristal txiki eta askoz merkeago bat erabili dute.

Bestalde, azpimarratu dute teknika interesgarria dela ohiko pantailak egiteko ere, koloreak nahasteko moduagatik. Izan ere, ohiko pantailatan pixel bakoitzeko hiru koloreko azpi-pixel daude (gorria, berdea eta urdina). Hemen berriz, kolore bat gehiago edo gutxiago pasako da material gardenetik, soinu-uhinen frekuentziaren arabera.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila