Bidasoa, mitoaren amaiera

Duela gutxi arte, Euskal Herriko inguru asko eta asko sakratutzat jotzen ziren edo behintzat, begirune handiko tokiak ziren. Rupert Sheldrake biokimiko eta pentsalari polemikoak esango lukeen bezala, kultura animistan leku. horiek bizirik zeuden eta gizakiek horrela hartzen zituzten. Izen batzuk aipatzeagatik, hor ditugu Ernio, Anboto edo Aizkorri. Multzo horren barruan, muga egiten duen gure ibaia koka daiteke, kontrabandistek, lamiek eta sorginek aukeratutako paradisua.

Zoritxarrez, animismoa aspaldi baztertu ondoren, mekanizismoan bizi gara (animaliak, izadia eta gu geu makinak gara) eta garai batean mitikoak ziren inguruak gaur egun antenak jartzeko toki aproposak besterik ez dira edo, Bidasoaren kasuan, aprobetxamendu hidraulikorako beste ur-korronte bat. Horren ondorioak hasiera batean gehiegi sumatu ez baziren ere, azken finean gendarmeak eta trikonio berdeak Bidasoako bazterren iluntasuna ondo gordeta edukitzeko hor zeuden eta, urteak aurrera egin ahala zentral hidraulikoak, etxebizitzak, garraio-plataformak eta lantegiak joan ziren eraikitzen; bi aldeetan eraikitako harresiek eta kanalizazioek naturaren askatasuna behin-betiko bukatutzat eman zezakeela ondo asko erakusten zuten.

Gauzak horrela, Bidasoa ibaiak Euskal Herriko gainerakoen itxura bera hartzen ari da. Dagoeneko, ezkalu bat baino errazagoa da, kondoiak edo Mamuteko poltsak ikustea. Azken finean, herri moderno batek ezin ditu mitoak mantendu, ez baitute dirurik ematen. Eta okerrago dena, prozesua hasi besterik ez da egin: Nafarroako herri nagusienak ibai ertzetan ari dira industri-eremuak kokatzen. Irungo eskuineko aldean gauza bera planteatzen ari dira eta horrez gain, nautikorako azpiegitura eta piraguismoa egiteko nazioarteko instalazioak ere bai.

Azkenik, Lapurdin, ibaiaren azken natur zokoetan betelanak dira nagusi. Horien guztien ondoan, mamurik beldurgarriena izan daitekeena dago, Mugaire eta Irun lotuko dituen Bidasoako autobidearen proiektua. Panorama ezkor horretan elementu positibo bakarra, Eusko Jaurlaritzak prestatutako Txingudiko Badia Babesteko Plan Berezia izan daiteke (eta hori ere bertan behera uzteko inguruko jauntxoak presio handia egiten ari dira), estuarioarekin batera, ibaiaren zenbait ertz eta landa babestea onartzen baititu.

Panorama iluna bada, erantzunak eta irtenbideak ez dira argiagoak. Une honetan bide bakarra Bidasoa berriro ingurune mitiko bihurtzea dela uste dut, baina ez ipuin edo antzinako mitoen bidez, zientzilariek ematen dituzten datuen eraginez baizik, horixe baita egungo erlijioa. Behin eta berriro esan beharko dugu Bidasoa ibaia dela izokinaren iraupena bultzatzeko dugun leku bakarra; bertan izkutatzen direla igarabak, ipurtatsak eta beste espezie askoren azken aleak edota oro har ia galdurik dauden balio paisajistikoak oraindik bertan ikus daitezkeela. Dena dela, eta Basajaunaren beraren laguntza izanik ere, erronka latza da; gure herrian joera desarrolistak sustrai sendoak baititu. Urtzi eta Mari, non arraio zaudete?

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila