Bi planetaren jaiotza behatu dute ALMA teleskopioarekin

bi-planeten-jaiotza
HD 163296 izarraren diska protoplanetarioak, ALMA erradioteleskopioak egindako argazkian. Arg. ALMA (ESO/NAOJ/NRAO); A. Isella; B. Saxton (NRAO/AUI/NSF)

ALMA teleskopioak bi planeta jaioberri antzeman ditu Atacamako desertutik, aste honetako Physical Review Letters aldizkariak argitaratu duenez. Gure galaxian, baina eguzki-sistematik kanpo sortzen ari dira planetok, HD 163296 izarraren inguruko hautsezko eta gasezko diskoetan. Aurrez argitu zuten izarren gasezko diskoetan eraztunak eta hutsuneak azaltzea planetak sortzen ari diren seinale izan zitekeela, baina hau da ikusi den aurreneko aldia.

HD 163296 izarrak bi Eguzkiren adinako masa du. Izar gaztea da –duela 5 milioi urte sortu zen–, eta hautsezko eta gasezko 3 diska handi ditu inguruan: gertukoena izarretik 60 unitate astronomikoetara dago (unitate astronomiko bat Eguzkitik Lurrerako distatziaren parekoa da), eta beste biak 100 eta 160 unitate astronomikoetara. Alegia, denak gure eguzki-sisteman Neptunoren orbitatik haratago dagoen gorputz izoztuen eremua baino urrutiago daude. Ikertzaileek argitu dute orain arte ez zutela uste izarretik hain distatzia handira planetak eratzea posible zenik. Gainera, sortzen ari diren exoplaneta biek Saturnoren antzeko tamaina dute; handiak dira, beraz.

Izarraren inguruko hautsaz gain gasa ere aztertu izana gakoa izan da planeta jaioberriak antzemateko. “Diskako materialetik % 1 hauts-partikulei dagokie, eta % 99 gasa da. Hortaz, bakarrik hautsari begiratuz gero ezin genuen jakin eraztuna planeta batek edo beste fenomeno batek eratua ote zen. Benetan planetak dauden jakiteko gasaren jokaerari erreparatu behar zaio. Lan honetan lehenengo aldiz hautsa zein gasari begiratu ditugu” –argitu du Andrea Isella Rice-ko Unibertsitateko ikertzaileak, Texasen.

ALMA teleskopioak bi planeten sorrera behatu du ALMA Behatokiaren bidez. Hemen bideoa Vimeo-n, ingelesez.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.