Berotze globala areagotzen duten isurpen-murrizketak

Irvine-ko Kaliforniako Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, isurtzen diren nitrogeno-oxidoek airera isuritako beste substantzia batzuek eragiten duten kaltea gutxitzen laguntzen dute. Izan ere, epe laburrera berotegi-efektua eragiten badute ere, epe luzera atmosferako behe-geruzetako metanoa eta ozonoa (berotegi-efektuko gasak) deskonposatzen dituzten erreakzioetan parte hartzen dute eta, hartara, atmosfera hozten laguntzen dute. Beraz, karbono monoxidoaren maila mantendu eta nitrogeno-oxidoen isurpena bakarrik gutxituz gero, berotze globala areagotu egingo litzateke. Hala ere, horrek ez du esan nahi nitrogeno-oxidoak isurtzen jarraitu behar dugunik; Lurraren berotzea ekidin nahi bada, beharrezkoa da poluitzaile guztien, eta ez bakarrik batzuen, isurpena gutxitzea.

Atmosferara isurtzen diren nitrogeno-oxidoak oxido nitrosoa (N2O), oxido nitrikoa (NO) eta nitrogeno dioxidoa (NO2) dira. Oxido nitrikoak ozonoa deskonposatzen duten erreakzioetan parte hartzen du; hegazkin supersonikoek, Concordeak kasu, isurtzen dute estratosferara. Bestalde, N2O gehiena jatorri naturalekoa da, lurreko mikroorganismoek ekoizten baitute amonizazioan. Dena den, berotegi-efektuko gasa da eta, estratosferara helduz gero, izpi ultramorearen eraginez oxigeno askearekin erreakzionatu eta NO eratzen du. Atmosferako NO2 gehiena, azkenik, antropogenikoa da eta presio handiko errekuntza-erreakzioetan eratzen da bereziki.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila