Bering itsasarteak zeresan handia du izotz-aroetako kliman

Bering itsasarteak zeresan handia du izotz-aroetako kliman
2010/03/01 | Elhuyar
Bering itsasartea Ozeano Pazifikoaren eta Artikoaren artean dago. Arg.: NASA.

Errusiaren eta Alaskaren arteko 80 kilometroko Bering itsasarteak izan dituen gorabeherek eragin handia izan dute ipar-hemisferioko kliman izotz-aroetan, Estatu Batuetako Atmosfera Ikertzeko Zentro Nazionalean egindako ikerketa baten arabera. Dirudienez, eragin zuzena du itsasartea agertzeak eta desagertzeak izotz-aroetan izotz-geruzak izandako gorabeherekin.

Inguru horretako itsasoko sedimentuak aztertuta, eta superordenagailu bidezko ereduak erabilita, lotura horren azalpen bat eman dute. Azaldu dutenez, izotz-aro bat hasten denean, eta izotz-geruza handiak sortzen direnean, Bering itsasartea desagertu egiten da. Izan ere, izotz-geruza horietan ur asko biltzen da, eta itsasoaren mailak behera egiten du.

Bada, egoera horretan, eten egiten da Ozeano Pazifikotik Ozeano Artikora egon ohi den ur-fluxua, eta, horren eraginez, askoz ur gehiago sartzen da Artikora Ozeano Atlantikotik. Ozeano Atlantikoko ura gaziagoa eta epelagoa denez Pazifikokoa baino, inguru horretako klima epeldu egiten da, eta izotza urtzea eragiten du Ozeano Artikoaren ertzean. Urtzeen ondorioz, Ozeano Artikoko ur-maila igo egiten da, eta, une batetik aurrera, berriz irekitzen du Bering itsasartea. Hala, Pazifikoko ur hotza sartzen hasten da berriz ere, klima hoztu egiten du, eta berriz hasten da prozesua.

1
262
2010
3
012
Klimatologia
Albisteak
14
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila