Beren burua garbitzen duten arrain-haztegiak

Sarritan, ingurumenerako kaltegarriak izatea egozten zaie arrain-haztegiei. Orain, Kanadako ikertzaile batzuek, kalteak gutxitzeko eta, bide batez, irabazi gehiago lortzeko modu bat proposatu dute.

Izan ere, gutxi edo gehiago, arrain-haztegietatik soberan dagoen janaria eta gorotzak isurtzen dira ibaietara. Alabaina, hondakin horiek beste espezie batzuk hazteko erabil daitezke.

Ikertzaileek izokin-haztegi batean egin dute proba. Hondakin organikoak aprobetxatzeko, muskuiluak hazi dituzte, eta ez-organikoak aprobetxatzeko, berriz, algak. Hartara, batetik ibaira poluitzaile gutxiago iristea lortu dute, eta, bestetik, ekoizpena dibertsifikatu dute. Hau da, bioerremediatzeko modu bat izateaz gain, beste espezie batzuk hazi eta irabazi gehiago izateko aukera ematen du polikulturak.

Dena dela, ideia hau ez da batere berria; duela mila urte baino gehiago, Txinan hainbat espezie hazten zituzten toki berean, baliabideak ahal den ondoen ustiatzeko asmoz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila