Bereizketa sistematikoa jasaten dute arlo zientifikoko LGTBIQ taldeko langileek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bereizketa-sistematikoa-jasaten-dute-arlo-zientifi
LGTBIQ taldeko langileek gainerakoek baino bazterkeria handiagoa pairatzen dute, STEM arloko diziplina eta maila profesional guztietan. - Arg. © Olga Miltsova/123RF

Michigango Unibertsitateak AEBko STEM arloko langileei (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) egindako inkesta baten arabera, beren burua LGTBIQ taldekotzat dutenek gainerakoek baino bereizketa handiagoa pairatzen dute, aintzat hartu dituzten alderdi guztietan: lan egiteko eta baliabideak eskuratzeko aukerak, bilakaera pertsonala, onarpen soziala, osasuna eta ongizatea, eta karreran jarraitzeko asmoa. 

Inkestaren emaitzak Science Advances aldizkarian argitaratu dituzte. Artikuluan zehaztu dutenez, 25000 langilek erantzun zioten inkestari, eta, haietatik, mila inguru dira LGTBIQ taldekoak. Bada, erantzunek erakutsi dute gainerakoek baino bazterkeria handiagoa jasaten dutela, STEM arloko diziplina eta maila profesional guztietan.

Esate baterako, lan-garapenerako aukera gutxiago izaten dituzte, eta sozialki baztertuago sentitzen dira (% 32k aitortzen du bazterkeria soziala; gainerakoetan, % 23k). Sexu-jazarpena ere besteek baino gehiago pairatzen dute (% 20k, % 14aren aldean).

Egoera horrek ondorio kaltegarriak ditu LGTBIQ taldeko langileen osasunean eta ongizatean: % 78k estresa du (besteen artean, % 61k); % 59k ondoez arinak, hala nola buruko mina edo urdailekoa (gainerakoetan, % 43k); eta % 37k loezina (%22ren aldean).

Horren guztiaren ondorioz, azken urtean % 22k lana uzteko asmoa izan du (gainerakoetan, % 15k). Ikertzaileen esanean, ezinbestekoa da zentro zientifiko-teknologikoek, elkarte zientifikoek eta finantza-eragileek neurriak hartzea, parekidetasuna bermatzeko eta heteroarautik kanpo dauden pertsonak barneratzeko. Horrez gain, gogorarazi dute dibertsitatea onuragarria dela, eta dakartzan ondorio positiboak nabarmenak direla, STEM arloan ez ezik, baita gizarte osoan ere.

 
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila