Batzuen kirol-portua, denon padura

1994ko ekainaren 25a, Zumaia. Gipuzkoako kostaldeko herri txiki honetako kaleetan zehar mila pertsona inguru manifestatu ziren goiko lemapean, Udalak eta Eusko Jaurlaritzako portu-idazkaritzak, Santixo padura dagoen eremuan kirol-portu bat eraikitzeko duten asmoa salatzeko.

Orain arte alferrikakoa izan da Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak alderdi honen balio ekologikoak onartu eta goraipatzea, “Euskadiko natur-barrendegien katalogoa” delakoaren barnean sartzea edo “Lurralde Antolaketarako Zuzenbideen” (LAZ-DOT) barruan zorrotz gordetzeko alderdi izendatzea.

Alferrikakoak izan dira, hainbat erakunde zientifiko zein ekologistak plazaratutako protestak ere, edo kosta-legeak alderdi hori onura publikokoa dela esatea, aldaketak edo azpiegiturak eraikitzeak debekatu egiten dituelarik. Honek argi uzten du gure politikarien garapen basatia eta irrazionala geldituko duen inolako legerik ez dagoela, eta bestalde, legeak ez zaizkiela biztanle guztiei berdin aplikatzen.

Hala ere, Zumaiako kasua oro har Euskal Herriko kostalde osoak aurre egin behar dion arazo ekologikorik handienetarikoaren adibiderik argiena besterik ez da: “kirol portuen sukarraren” adibidea, alegia.

Izan ere, azken urte hauetan Euskal Herriko kostaldeak jasan duen aldaketa bortitzetik ihes egin duen hainbat alderdi ekologiko garrantzitsuk, kirol-portuaren mehatxua dute. Hauek, inolako beharren edo ingurugiro-azterketarik egin gabe, bertako herrientzako panazea gisa saldu dira.

Errealitatea, ordea, bestelakoa da. Mediterranio aldeko esperientziak frogatu digunez, kirol-portuek ez dute ia lanposturik sortzen. Erakargarritasun naturalen aldaketa bortitzak eta sekulako espekulazioa sortzen ditu, herri hauetako biztanlegoak arazo sozioekonomiko larriei aurre egin behar izaten dietelarik.

Horrez gain, Euskal Herrian kirol-portuak eraikitzeko aukeratu diren inguru gehienak, (Zumaia-Santixo, Plentzia-Txipio, Donostia-Monpas, Angelu-Txiberta, etab.) ekologi ikuspegitik oso sentikorrak direla kontutan hartuz, auzi honi buruzko gogoeta serioa egiteko garaia iritsi dela ez dago zalantzarik.

Bitartean, administrazioak kirol-portu guztien proiektuak gelditu beharko lituzke, instalazio hauek egiteko benetako beharrak definituko lukeen ikerketa egin arte. Ondoren, portu horiek kokatzeko leku egokienak zein diren erabaki beharko litzateke, horretarako faktore erabakitzaile gisa alderdi bakoitzaren balio ekologikoak kontutan hartu beharko liratekeelarik.

Gure kostaldea hormigoi eta zementoz beteta ikusi nahi ez badugu, nahikoa dela esateko garaia iritsi da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila