Basoan zehar... ahabia

Zuhaiska txiki edo mulu hau 60 cm-ko altuerakoa izaten da, eta Euskal Herrira mugatuz genero honen barruan azaltzen diren bi espezieetan ugariena ahabia da. Bestea berriz, mendi piriniar garaienetara mugatzen da (1.500 m-tik gora — Vaccinium uliginosum). Ahabia lurraldean zehar sakabanaturik dago, batez ere 500 eta 1.500 metroko altitudeen artean. Lurzoru azidoak begikoak ditu, nagusiki baso eta txilardegietan azaltzen delarik, nahiz eta zenbaitetan harkaiztegi silizeoak ere kolonizatu.

Ahabia mulu hostoerorkorra da, zurtoin tenteak ditu (errizoma herrestari batetik jaioak) eta adarrak ugari. Hostoak, obatuak, zorrotzak eta launak izaten ditu. Normalean, apiriletik ekainera lortzen da, lore txiki dilindariak izaten dituelarik (berdexkak, arrosaz tindaturik). Fruitua baia biribildua da; berde-urdinska eta oso zapore gozokoa.

Vaccinium generoak ipar hemisferioko eskualde epel eta hotzetan eta mendi-eskualde tropikaletan 450 espezie inguru ditu, hauetariko batzuk beren fruitu jangarriengatik kultibatzen direlarik (V. corymbosum). Penintsulari dagokionez, 3 espezie besterik ez daude. Euskal Herrian hiru hauetatik bi azaltzen dira, lehenago adierazitakoaren arabera.

Ahabia sendabelartzat askotan erabili izan da. Alde batetik, landare honen baiak gordinik edo lehortuta janez gero beherakoa eta disenteria sendatzeko erremedio bikaina dela diote, baia hauek dituzten taninoei esker.

Zientifiko batzuek diotenez, baia hauek duten substantzia bati esker, bakterioen hazkundea galarazi egiten dute. Aipatu beharra dago fruitu hauekin konfitura egiten dela. Hostoek, berriz, dituzten tanino, arbutina eta glikosidoak kontutan hartuz diabetea arinduko luketela diote, elementu horiei propietate astringenteak ere egozten zaizkielarik.

FITXA TEKNIKOA

Ahabia

Familia: Erikazeoak
Espeziea: Vaccinium myrtillus
Banaketa: Sakabanatua
Habitata: Baso, txilardegi eta harkaiztegietan
Sendabelarra: Bai

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.