Bakterioen geneak, marmoken arma

Bakterioen geneak, marmoken arma
2008/11/01 | Elhuyar
(Argazkia: Skunk)

Litekeena da marmoken ziztatzeko ahalmenaren atzean bakterioak egotea. Izan ere, Parisko Pierre et Marie Curie Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dute marmokek ziztatu ahal izateko beharrezkoa duten gene bat bakterioen gene baten oso antzekoa dela. Ikertzaileen esanean, egin dituzten azterketa filogenetikoek iradokitzen dute bakterioen genomatik marmoken arbasoetara pasatu zela gene hori.

Hori horrela izatera, gene-transferentzia horizontalaren kasu bat izango litzateke. Hau da, guraso-ondorengo ez diren bi organismoren artean gertatzen den gene-transferentzia. Mikrobioetan nahiko arrunta bada ere, animalietan oso kasu gutxi ezagutzen dira.

Genea knidarioen filumeko izaki ezagun guztiek dute, hala nola marmokek, anemonek eta koralek. PGA (poligammaglutamatoa) polimeroa sintetizatzen duen molekularen zati bat kodetzen du. Hain zuzen ere, PGA da knidarioen zelula erresumingarrien osagai nagusia. Zelula horiek PGAren bidez erregulatzen dute presio osmotikoa. Eta presio horretan bat-bateko aldaketa bat gertatzean jaurtitzen dute ezten pozoitsua. Bakterioetan, berriz, kapsula babesgarriak eratzen ditu konposatu berak.

Gene bera zenbait belakitan, zizaretan eta onddotan ere aurkitu dute. Horregatik, ikertzaileek diote litekeena dela gene hori behin baino gehiagotan pasatu izana espezie batetik bestera. Hala ere, guztiak ez daude ados: batzuek pentsatzen dute transferentzia horizontala ez dela bide bakarra, eta, esaterako, litekeena dela urruneko arbasoetatik bertikalki transferitu eta gero izaki batzuetan galdu izana.

1
247
2008
11
022
Genetika; Eboluzioa
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila