Bakterioak iratzartzen

Zenbait mikrobiologo ohartu denez, bakterioak substantzia kimiko bat isuriz lozorroan dagoen laguna iratzarri egiten du. Gales eta Moskuko Unibertsitateetako ikertzaileen ustez, aurkikuntza horrek asko erraz dezake zenbait bakterioren kontrako borroka, besteak beste giza gorputzean eta janarietan lo dagoen bakterioa nola aktibatzen den jakiteak berauek atzematen lagunduko duelako. Behin atzemandakoan, eragiten dituzten gaixotasunak eta bakterioek kutsatutako janariak gaur egun baino azkarrago detektatzea lortuko dutelakoan daude.

Elikagai urri dagoenean, bakterioa tamainaz txikiagotu, zelula-hormak loditu eta inkubatzen hasten da. Lo dagoen bakterioaren lagunak pheromone izeneko proteina isurtzen du bakterio hori esnaraziz eta biak elikagai bila hasten dira. Aurkikuntza garrantzitsua delakoan dira ikertzaileak. Agidanez, hemendik aurrera nahi baino azkarrago amaituko zaie lozorroa bakterioei, iratzargailu berria gizakia bera izango baita.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila