Bakterio erresistenteei aurre egiteko plana aurkeztu du Europako Batasunak

bakterio-erresistenteei-aurre-egiteko-plana-aurkez
Antibiotiko batzuek Staphylococcus aureus bakterioan duten eragina ikus daiteke irudian. Arg. CDC

Europako Batasunak hamabi neurri proposatu ditu, bakterio-erresistentziari aurre egiteko plan baten barruan. Arduradunek adierazi dutenez, planaren xedea da erresistentzien hedapena eragoztea eta bakterioen aurkako tratamendu berriak garatzea.

Hain zuzen ere, Europako Batasunean urtean 25 mila pertsona inguru hiltzen dira bakterio erresistenteek sortutako infekzioen ondorioz. Ekonomikoki ere kaltegarriak dira, urtean gutxi gorabehera 1.500 milioi euro galtzen baitira bakterio horiek sortutako osasun-gastuengatik eta produktibitatearen jaitsieragatik. Gainera, erresistentziei buruz egindako azken azterketak erakutsi du ospitaleetan pneumonia eta gernu-aparatuko infekzioak sortzen dituzten bakterioen erresistentziak areagotzen ari direla herrialde batzuetan.

Hori guztia aintzat hartuta, Europako Batasunak prestatutako planak neurri nagusi zehatzak proposatzen ditu, hala nola medikuntzan eta albaitaritzan mikroorganismoen aurkako botikak eta desinfektatzaileak modu egokian erabiltzen direla bermatzea; mikroorganismo patogenoen bidezko infekzioak prebenitzea; antibiotiko berriak edo ordezko tratamenduak garatzea; eta nazioarteko bazkideekin elkarlana estutzea bakterioekiko erresistentzien arriskuak gutxitzeko. Horrez gain, ikerketan sakondu beharra dagoela ere azpimarratu dute.

Planaren egileen arabera, "eraginkorra izan dadin" ezinbestekoa izango da Europako Batasuneko herrialde bakoitzak bere egitea neurri horiek eta elkarrekin aritzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila