Babes-estrategia harrigarria eta eraginkorra

47°ko tenperatura baino ez. Horixe da Japoniako Apis cerana japonica erleak bere etsaia menperatzeko behar duena. Alabaina, tenperatura hori erle bakar batek lortzea ez da batere erraza eta horregatik, talde-lanean aritzen dira animalia bizkor horiek.

Irudian ageri den erle-multzoaren erdian 47°ko tenperatura dago. Bertara hurbiltzen den liztorrari “ongi etorri” beroa eman ohi diote erleek eta nekez irtengo da onik besarkada horretatik.

Ondoko argazkian ikus daitekeen modura eman ohi diote ongi etorria erlauntzara hurbiltzen den liztorrari, jakina baita Vespa mandarinia japonica liztorra ez zaiela bisitara joaten erleak akatu eta erlauntzaz jabe egiteko asmoa ez badu. Horren aurrean, erleek beren burua antolatzeko agindua jaso ohi dute. Erle-multzoa osatuta, babeserako behar duten 47°ko tenperatura sortzen da eta ondorioz, prest daude liztorrari aurre egiteko.

“Besarkada” bero horren erdian harrapaturik geratzen den liztorra ez da erleen “abegikortasuna” jasateko gauza izaten eta hamar minuturen buruan erleak garaipena ospatzeko moduan egon ohi dira. Horrela azalduta, estrategia hori bisitariak uxatzeko erabat eraginkorra dela pentsa daiteke, baina kontu handiz egin behar da hori. Izan ere, erleak berak nekez paira dezake 49° baino gehiagoko tenperatura eta beraz, indarrak ongi neurtuta ekin behar zaio erasoari. Bi graduko aldea huskeria dela pentsa dezake irakurleak, baina Japoniako erleek baieztatu digutenez, horretan datza bizirauteko indarra.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.