Azukreen kimika osoa baldintzatzen duen fenomeno bat azaldu dute

Azukreen kimika osoa baldintzatzen duen fenomeno bat azaldu dute
2011/02/01 | Elhuyar
Azukreen oinarrizko egituretako bat da hau, eta efektu anomerikoa ilustratzeko balio du. Molekula bateko atomo-talde handienek, oro har, bi posiziotan kokatzeko joera dute: posizio axialean (laranjaz) eta posizio ekuatorialean (berdez). Atomo-talde handi horiek posizio ekuatorialean kokatzen direla pentsa liteke, toki gehiago izanik haien elkarrekintzak gutxitu egiten direlako. Kontrakoa gertatzen da, ordea; posizio axialean kokatzeko joera dute, eta horri efektu anomerikoa deitzen zaio. Irudia: Guillermo Roa.

Biomolekulen kimika baldintzatzen duen faktore garrantzitsuenetako bat molekularen beraren hiru dimentsiotako egitura da. Azukreen kasuan, besteak beste, efektu anomerikoan islatzen da hori. Molekula batean atomo-talde handienek molekularen planotik gora edo behera, eta ez molekularen planoan, kokatzeko duten joera da efektu anomerikoa. EHUko Emilio J. Cocinero Kimika Fisikoko irakasleak, Oxfordeko Unibertsitatearekin elkarlanean, azukre batean efektu anomerikoak duen eragina zenbatekoa den ikustea lortu du lehen aldiz. "Ez zegoen zalantzarik efektu hori gertatzen zenik, baina orain arte ez da inoiz deskribatu", azaldu du. Ikerketaren emaitza Nature aldizkarian argitaratu dute.

Cocinerok frogatu du kanpoko efektu anomerikoa (exo) barruko efektu anomerikoari (endo) nagusitzen zaiola. Hala, "emaitzen arabera, litekeena da efektu anomerikoak kimikan nahiz biologian daukan eragina berraztertu behar izatea. Izan ere, azukre gehienetan gertatzen da". Era berean, ikerketak argitzen lagun diezaguke zergatik aukeratzen dituen organismoak azukre jakin batzuk, nahiz eta naturan beste azukre batzuk ugariagoak izan. "Azken finean, helburua da gure organismoan gertatzen denaren ikuspegi errealago bat izatea", dio Cocinerok.

1
272
2011
2
018
Kimika
Albisteak
18

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.