Australiako suteek Ozeano Antartikoan algak neurriz kanpo ugaritzea ekarri dute

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

australiako-suteek-ozeano-antartikoan-algak-neurri
2019-2020ko Australiako suteen kea, Ozeano Antartikoaren zati bat estaltzen. Arg. JAponiako Informazio eta Komunikazio Institutua/Jabego publikoa

Ikerketa batek lehen aldiz frogatu du suteetan sortutako aerosolek milaka kilometro bidaiatu dezaketela haizeek bultzatuta, eta itsasoa ongarritu dezaketela. Horren ondorioz, algen ezohiko loratze handiak gerta daitezke, eta halaxe gertatu zen Ozeano Antartikoan, 2019-2020an Australian izan ziren sute erraldoien ondoren.

Ikertzaileek satelite-behaketak, itsas roboten neurketak, garraio atmosferikoaren ereduak eta kimika atmosferikoaren datuak erabili zituzten Australiako baso-suteetatik burdinazko aerosol pirogenikoen hedapena jarraitzeko eta horiek algen hazkundean duten eragina neurtzeko. Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta, fitoplaktonaren hazkundea aireko karbono dioxidoarekin erlazionatu dute. 

Hain zuzen, ikertzaileen ustez, litekeena da algek, neurri batean, suteek askatutako CO2-a xurgatzea, fotosintesia egiteko, eta, beraz, suteek kliman izandako eragina apalduko lukete. Hala ere, onartu dute ez dakitela, xurgatutako CO2-tik, zenbat geratu den ozeanoaren hondoan eta zenbat askatu den atmosferara.

Bestalde, gogorarazi dute sute erraldoi horiek gero eta ohikoagoak izango direla, klima-larrialdiaren ondorioz.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.