Aurten fitoplankton gutxiago dago Antartikan

Dagoeneko hasi dira martxoan Antartikako Ross itsasoan askatu zen icebergaren ondorioak nabaritzen. B-15 deituriko iceberga, bere tamaina dela eta, gerora askatu diren izotz-zati txikiagoen bidean jarri da eta haizeak ezin ditu itsaso zabalera garraiatu. Beraz, orain normalean baino izotz-geruza handiagoak estaltzen du Ross itsasoa.

Izotzaren ondorioz, behar baino askoz argi gutxiago sartzen da uretara, eta horrek fitoplanktonean eragin zuzena du: aurten % 40 fitoplankton gutxiago dagoela ikusi dute zientzialariek.

Datu oso kezkagarriak dira Antartikako bizidunen elika-katea fitoplanktonean oinarritzen dela kontuan hartuz gero. Ugaztun itsastarren eta arrainen oinarrizko elikagaia da fitoplanktona eta, era berean, arrain horiek beste arrain, hegazti eta ugaztunen elikagai. Ross itsasoan eta bere inguruan bizi dira pinguino erregeen mundu osoko populazioaren % 22 eta Adelieko pinguinoen % 30.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila