Atzerapausoak hiesaren kontrako bidean, txertoen garapenean aurreratu bada ere

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

atzerapausoak-hiesaren-kontrako-bidean-txertoen-ga
Hiesaren zein beste gaitzei aurre egiteko, ezinbestekoa da diferentzia sozioekonomikoak berdintzea. - Arg.

Nazioarteko erakundeek ohartarazi dutenez, COVID-19ak ekarritako krisiaren eraginez, atzerapausoak eta etenak gertatu dira hiesaren aurkako plangintzetan. Atzerapauso horiek nabarmenagoak izan dira herrialde pobretuetan eta bazterkeria pairatzen duten talde sozialetan. Horregatik, Unaids GIB-HIESari Buruzko Nazio Batuen Programa Bateratuak adierazpen bat kaleratu du desberdintasun sozialei aurre egiteko eskatuz, arrakala sozioekonomikoak isla nabarmena baitu hiesaren zein beste gaitzen eragin eta ondorioetan.

Europan ere antzeman da COVID-19aren larrialdiaren eragina: ECDCk eta OMEren Europako sailak jakinarazi dute, 2019aren eta 2020aren artean, % 24 jaitsi dela infekzio berrien kopurua, diagnostiko gutxiago egin direlako. Izan ere, COVID-19ak hiesari aurre egiteko zerbitzuak etetea ekarri du, eta seropositiboak edo susmoa zutenak haietara iristeko zailtasunak izan dituzte. Diagnostikoan ez ezik, tratamenduan eta prebentzioan ere nabarmena izan da eragina.

Bitartean, mRNA-txertoek bultzada handia jaso dute COVID-19ari aurre egiteko eraginkorrak direla erakutsita, eta, horren ondorioz, azkartu egin dira beste gaitz batzuetarako egiten ari ikerketak, tartean, hiesarenak. Modernak, adibidez, hiesa prebenitzeko bi mRNA-txerto ari da garatzen, eta iragarri du laster hasiko dituela saio klinikoak pertsonetan.

Beste txerto batzuk aurreratuago daude. Horien artean dago Mosaico izeneko azterketan probatzen ari direna. Saio klinikoen lehen eta bigarren faseak gainditu ditu jada, eta, orain, 8 herrialdetako (Argentina, Brasil, Italia, Mexiko, Peru, Polonia, Espainia eta AEB) probatzen ari dira. Boluntarioak gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizon cis eta transak dira, eta ez dute antirretrobiralik hartu behar prebentziorako. Hain zuzen, tratamendu hori hiesa prebenitzeko oso eraginkorra dela frogatu da, eta, beraz, ezingo litzateke txertoaren eragina neurtu.

Janssen laborategia ari da egiten azterketa hori, beste batzuekin elkarlanean. Berez, bi pautaren eraginkortasuna ikertzen ari dira: bata txerto adenobiriko batekin (lau dosi), eta bestea, txerto proteiniko batekin, aurreko txertoaren hirugarren eta laugarren dosiekin batera ematen dena. Proteina horiek gibaren aldaera desberdinenak dira; horrela, aldaera nagusiekiko antigorputzak sortzeko gai izango direla espero dute.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.