Atomo hutsak betetzen

Atomo hutsetan elektroiak ez dira nukleoaren inguruan barruko geruzetan egoten; kanpoko geruzetan baizik. Atomo hutsak atomo normalei dituzten elektroi guztiak “kenduta” fabrikatzen dira. Gero “superioi” hauei elektroi-iturri bat ipintzen zaie ondoan eta atomoen kanpoko geruzak baino ez dira betetzen elektroiz.

Dena dela, horrela lortutako atomo hutsak bere ohizko egoerara itzuli nahi izaten du eta elektroiak jauziak eginez geruzaz geruza jaisten dira, aldi bakoitzean fotoiak jaurtikiz. Paris VI unibertsitateko Jean-Pierre Briand zientzilariak eta bere taldekideek, ordea, jauzi horiek metalen, erdieroaleen eta isolatzaileen atomoetan desberdinak direla ikusi dute. Atomoak desberdin betetzen dira, beraz, eta fenomeno horrek gainazalak bereizteko balio dezake.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila