Aspirinaren gaitasun ugariak

Salizilatoak minbizitik babesteko izan lezakeen mekanismoa aurkitu dute

aspirinaren-gaitasun-ugariak
Azido azetil salizilikoa. Salizilatoak, haren metabolitoak, minbizi batzuetatik babesteko gaitasuna du. Arg. Ben Mills/Domeinu publikoan

Aspirina botika kroniko gisa hartzen duten pertsonekin egindako azterketetan albo-ondorio mesedegarri bat atzeman zuten: itxuraz, epe luzeko babesa ematen du minbizi batzuen aurka ( The Lancet , 2011). Orain, Eskoziako Dundeen Unibertsitateak zuzendutako ikerketa batek balizko mekanismoarekin jo duela argitaratu du Science aldizkariak: salizilatoak --aspirinaren metabolitoak-- AMPK entzimaren jarduera aktibatzen du, hain zuzen ere, zelulen hazkundea eta metabolismoa erregulatzen dituen entzima garrantzitsu bat.

Salizilatoak in vitro eta in vivo duen eragina aztertu dute ikertzaileek, alde batetik, gibeleko zelulekin, eta, bestetik, saguekin. Zelulen eta saguen jarduera metabolikoa areagotu egiten zen salizilatoaren ondorioz; AMPK entzima jariatzeko gaitasunik ez zuten knockout saguetan, berriz, ez zen halakorik gertatzen. Ikertzaileen esanean, AMPK mekanismoaren bidez azal liteke aspirinak minbizi batzuetatik babesteko duen gaitasuna.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila