Arrain garbitzailea

Izokin haztegiek sortzen dituzten arazoei buruz mintzatu ginen Elhuyar. Zientzia eta Teknikaren aurreko alean eta arazo nagusietako bi arrainen osasuna eta eragindako poluzioa zirela aipatu genuen. Britainia Haundiko izokin-haztegietan laranja koloreko arrain txiki bat erabili asmo dute bi arazo hauei aurre egiteko.

Gailegoa, Ctenolabrus rupetris, izeneko arrainak haztegietako izokinen bizkarroiak jaten ditu. Bizkarroi hauek krustazeoak dira eta arrainaren azalean bizi dira. Azala zauriz betetzen dute eta eritasunei arrainari erasotzeko bidea errazten diete. Gainera arrainaren garuneraino zula dezakete azala eta arraina hil.

Izokin-haztegietan pestizida organofosforikoak erabiltzen dituzte bizkarroi hauek kontrolatzeko. Hiruzpalau astetik behin arrainak daudeneko otarrak pestizidaz tratatu behar izaten dira, bizkarroia oso azkar ugaltzen delako. Pestizida gehiegi erabiltzeak izokinen begietako lausotasun-protzentaia nabarmenki handiagotu du eta gainera arrain-kutxen ingurutako izaki bizidunentzat ere kaltegarriak dira.

Gailegoak arazoa konpontzen lagun dezake. Arrain honek 12 cm-ko luzera du eta beste arrainen azalean dauden bizkarroiak janda elikatzen da; arrain-garbitzailea da alegia. Gailegoa ez da izokinarekin normalean harramanetan egoten, baina kutxetan jartzen denean oso bizkor ekiten dio bizkarroiak jateari.

Norvegian egin ziren iaz lehen saioak. Haztegi batean 26.000 izokin 600 gailegorekin batera jarri ziren. Haztegi honetako izokinek ez zuten pestiziden bidezko tratamenturik behar izan osasun-maila onari eusteko. Kontrol moduan erabili zen taldea aitzitik, zenbait aldiz tratatu behar izan zuten pestizidaz.

Gailegoak erabiltzea ikuspegi ekologikotik oso egokia izateaz gain, ekonomikoki ere onuragarria da, pestizida erosten dirurik gastatu behar ez delako.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.