Armiarma-sarea espazioan

Eskoziako ehungintza-enpresa bati eskaera txundigarria egin zion Washingtongo espazio-konpainia batek: espaziotik Lurrera satelite zaharrak ekartzeko sare luze eta zabal bat eraikitzea. Sistemaren mekanika, harrigarria badirudi ere, nahiko simplea da: 2x10 kilometroko sare metaliko bat espazioan dagoen satelite bati jaurtiki, satelitea jolasteko kometa bat bailitzan lotuaz. Sare hau muturren arteko grabitate-indarren diferentziari esker teink mantenduko litzateke eta Lurraren eremu magnetikoari esker sarearen bi muturren artean potentzial-diferentzia sortuko litzateke.

Bestalde, Lurraren inguruko espazioa Eguzkiak jaurtikitako protoiez eta elektroiez osatutako plasmaz beterik dago, eta sarea eroalea izanik korrontea sortuko litzateke bi muturren arteko potentzial-diferentziari esker. Sarean zehar korrontea igarotzean energia galtzen da eta honek sarearen abiadura jaitsiarazten du, satelitea geldiaraziz. Sateliteak abiadura galtzean orbita egonkorra galdu egiten du eta Lurrerantz erortzen da, atmosfera zeharkatzean suntsituz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila