Arma, tiro, pun!

Iraila eta urria ere joanak ditugu honezkero, eta berauekin batera, hainbat hegaztik urtero burutzen duen hegoalderanzko migrazioa ere bere azkenetan da gure herriko zeruetan barrena, eta uso, usapal, eta gainerakoak urruntzen doazkigun neurrian, azken asteotan gure mendi eta haranak astindu dituzten tiro-andana atsekabe horiek ere behera egingo dute pixkanaka. Baina ehiza-sasoia ez da oraindik bukatu, ordea, otsailera arte luzatuko baita gutxienez, bertako administrazioek “kontrapasa” izenaz ezagun den udaberriko saioa baimentzeari uko egiten badiete behintzat.

Orain artekoa irakurrita, “ehiza ez - ehiza bai” eztabaida antzuaren beste atal bati hasiera eman nahian ote nabilen pentsa dezake irakurleak, edota “ekologisten” eta “ehiztarien” kontrapasaren inguruko norgehiagoka amaigabeari eutsi nahi diodala akaso. Ez da hori, inondik ere, nire asmoa. Ez dut inor horrenbesteraino aspertu nahi!

Joxerra Aihartza.

Aitzitik, ehizaren kontrako erabateko jarrerak pixkanaka bazterreratuak izan direlakoan nago talde ekologisten artean, eta ikuspuntu kontserbazionistari eutsiz, eta lurraldeak eskaintzen dizkigun baliabide naturalen ustiapena ingurunearen balio naturalen babesarekin uztartu nahian, behar bezala kudeaturiko iharduera zinegetikoa irtenbide egokia eta interesgarria izan daitekeen ustea gero eta gehiago ari da zabaltzen. Nekazaritza eta abelzaintzak atzera egiten duten aro honetan, ehiza baliabide probetxugarria suerta daiteke hainbat eskualdetan etekin ekonomikoa lortzeko, eta zenbait eremu ehizaren kudeaketarako bidean lantzeak hauek kontserbazio-egoera onean mantentzea eskatuko luke, ingurunearen kalitate naturalistikoa hobetzea ere bideratuz.

Planteamendu hauek bideragarri izan daitezen, alabaina, “kudeaketa” hitz gakoa dugu zalantzarik gabe. Edo bestela esanda, ehiza baliabide interesgarritzat jotzeak ez du inondik ere esan nahi gehiago ehizatu behar denik, edota ehiztariek nahi duten moduan joka dezaketenik, ez eta kontrakorik ere. Ikerketa zorrotzen ondorioz aurrikusi behar dugu zer ehiza daitekeen eta zer ez, non eta noiz, zenbat eta nola, zenbat ar, zenbat eme, zenbat gazte, zein espezie sar daitekeen eta zein ez, sartzapenak nola burutu, nondik ekarrita...

Eta gai hauei dagokienean ere talde ekologistek eta ehiztariek bat egiteko ordua iritsia da jadanik. Izan ere, behar bezalako kudeaketaren emaitzak guztiontzat bailirateke mesedegarri. Zenbat eta kudeaketa hobea burutu, are eta ehiza ugariagoa izan genezake datozen urteotan, eta are eta lurralde gehiago erabili ahal izango dugu erreserba gisa, ehizean gehiago aritzeko eta bertako balio naturalak hobetzeko bideak eskainiz. Ekologisten artean makina bat hasia da jadanik bide honetan Ehiztarien elkarteei dagokie orain erronkari erantzutea.

Prest ote daude, plangintza zientifiko zorrotzei atxikiz, zenbait urtez presio zinegetikoa murrizteko, etorkizunean ehiza gehiago izateko bidean? Prest al daude datu objektikotan oinarritutako plangintza zehatzak bultzatu, bideratu, eta euren defentsaren lidergoa hartuz betearazteko? Ni ezezkoan nago. Tamalez, “nik botatzen ez badiat aldamenekoak botako dik!” eta “dagoenean bonbon eta ez dagoenean hor konpon!” bezalakoak dira oraindik nagusi ehiztarien artean, eta horrelakorik ez da kudeaketarik, ez etorkizunik izanen ehizarentzat, ez naturarentzat.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila