Arktiar lurraldeko hotz-beroa


Azken 150 urtetan Arktikoa planeta osoa baino bi aldiz gehiago epeldu da. Gainera, beroaldirik handienak azken 60 urte hauetan jazo dira. Dirudienez, arrazoi naturalek eragin dute tenperatura-aldaketa hau.

Ondorio hauetara iritsi da Coloradoko ikertzaile-talde bat, zuhaitzetako erraztunen lodiera neurtu, izotzaren urtze-maila eta konposizio isotopikoa aztertu eta aintzira eta itsasoko sedimentuen ezaugarriak behatu ostean.

1840. urtetik gaur egunera Arktikoak jasan duen batez besteko tenperatura-emendioa 1,5 ºCkoa izan da, planeta osoan 0,6 ºCkoa izan den bitartean.

Ikerketa honek azken 400 urteotan izan den tenperaturen gora-behera natural eta bortitzak aurkitu ditu.

XVII. mendea hotza izan bide zen, XVIII.a aldiz, epelagoa; XIX. mendearen hasiera oso hotza izan zen eta geroztik tenperaturak gora egin du pixkanaka, 1960. urteko etena salbu.

XIX. mendeko igoera hauek azaltzeko Milankovitch efektua aipatu dute. Lurraren “dardara” batzuen eraginez, Eguzkitik iristen zaigun berotasunak gora-behera batzuk izan dituela azaltzen du delako efektuak.

Esandakoak, ordea, ez du azken hilabete hauetan —azkenean— onartu den hipotesia baztertzen; 1920. urtetik hona izaniko igoerek, gizakion eragin nabarmena dutelakoan daude.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila