Ardi-gazta gaingabetua

Maite Castiella Canalejo Iruñeko biologoak ardi-gazta gaingabetua lortzeko ikerketa bat amaitu berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikertzaileak koipe eta kolesterol gutxiagoko ardi-gazta lortu nahi zuen, baina gazta arruntaren antzeko ezaugarri sentsorialekin.

Koipe-kantitate ezberdinetako ardi-esnea erabilita, hiru gazta-mota egin zituen. Hain zuzen ere, ardi-esne osoa, hau da % 8 koipe duena, murriztua, % 4 koipe duena, eta, gaingabetua, % 2 koipe duena, erabili zituen. Hirurekin, Erronkariko gazta egiteko erabiltzen den prozesu tradizionalaren arabera egin zuen gazta.

Emaitzei dagokienez, tarteko esnearekin egindako gaztak eman ditu emaitzarik onenak, koipe eta kolesterol dezente gutxiago duelako eta zaporeari eta gainerako parametro sentsorialei begiratuta gazta osoaren antz handia duelako. Hala ere, kontuan izan behar da ontze-denbora laburragoa duela, ohiko lau hilabeteen ordez nahikoa baitira hiru.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila