Arazoak hazi-bankuetan

Zientzialari alemaniar batzuen ustez, mundu osoko hazi-bankuetan kontserbatzen diren labore-hazi asko kutsatzen eta galtzen ari da. Hazi hauek barietate zaharrak izan ohi dira eta banku hauei dagokie berauen ezaugarriak gordetzea.

Hohenheimeko Unibertsitatean, 1831. urtean dataturik dauden olo-hazien laginak aztertu zituzten. Hazi hauek 1956. urtean eskuratu ziren Nurembergeko antzoki zaharraren hondakinetatik. Denbora honetan, Austria eta Alemaniako hazi-bankuetan zaindu dituzte. Hazi hauen bideragarritasuna bermatzeko, erein eta berriro haziak eskuratzen dira.

Zientzialariak hazi-banku hauetako olo horien proteinak aztertu dituzte. Lagin gehienen proteina-eredua berdina da eta jatorrizko bi barietateei dagozkie, baina zenbait laginetan antzeman dutenez, proteinen patroia ez dator bat jatorrizkoarekin. Beraz, olo-barietate hauek beste barietate batzuekin kutsatuak izan direla ondorioztatu dute.

Ikertzaile hauen ustez, ondare handia ari da galtzen era honetara, izan ere, etorkizuneko laborantzan zeresan handia eduki dezakete gisa honetako hazi-bankuek. Arreta eta diru falta izanen lirateke galera hauen erantzule nagusiak eta mundu osoko bankuek antzeko arazoak pairatzen dituztela uste da, hauen zeregin nagusia kolokan jarriz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila