Antimateriak xurgatzen duen argia neurtu dute lehenengoz

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

antimateriak-xurgatzen-duen-argia-neurtu-dute-lehe
Arg. Maximilien Brice / CERN

Antimateria-atomo batek zer argi xurgatzen duen neurtu dute lehen aldiz, CERNeko ikertzaileek. Urteak zeramatzaten hori lortu nahian, eta ikertzaileek adierazi dute neurketa horrek ate garrantzitsu bat irekitzen duela antimateria ikertzeko. Nature aldizkarian argitaratu dute lana.

Atomoek, dituzten elektroien eta haien egoeraren arabera, uhin-luzera jakin bateko argia xurgatzen eta igortzen dute. Eta hori espektroskopia izeneko teknikaren bidez neurtzen da. Elementu bakoitzak bere espektroa du, eta, horregatik, espektroskopia oso tresna baliagarria da atomoak eta molekulak ikertzeko. Orain, lehenengo aldiz, antimateriari aplikatu ahal izan diote teknika hori.

Antihidrogeno baten espektroa neurtu dute, eta, emaitzek erakusten dutenez, hidrogenoaren espektro berdina du antihidrogenoak. Hori bat dator fisikako Eredu Estandarrarekin, hark iragartzen baitu hidrogenoak eta antihidrogenoak ezaugarri espektroskopiko berdin-berdinak izan beharko lituzketela.

Antimateria ikertzea ez da kontu erraza, ohiko materia ukitu orduko elkar deuseztatzen baitute. Baina, CERNeko ALPHA esperimentuan, 2010ean, erakutsi zuten antihidrogenoa nola harrapatu zitekeen tranpa magnetiko batean. Eta gaur egun 15 minuturo 25.000 antihidrogeno-atomo sortzeko gai dira. Horretarako, substanzia erradioaktibo batek igorritako positroiak partikula-azelaragailu batean sortutako antiprotoiekin elkartzen dituzte. Horixe da antihidrogenoa, antiprotoi bat eta positroi bat; kontuan izanda hidrogenoa protoi batek eta elektroi batek osatzen dutela.

ALPHAn sortzen dituzten antihidrogeno-atomo gehienek energia gehiegi dute, eta azkarregiak dira espektroskopia bidez aztertzeko. Energia gehiegi dutenei tranpatik ihes egiten uztea eta motelenekin bakarrik gelditzea izan da erronkarik handiena. Urteak behar izan dituzte hori lortzeko, baina egin dute. Atomo motel horiei laser bat zuzendu diete, eta neurtu ahal izan dute zer uhin luzera xurgatzen duten.

Orain, neurketen zehaztasuna handitzea dute helburu (hidrogenoaren espektroa 100.000 aldiz zehaztasun handiagoz ezagutzen da), uste baitute zehaztasun handiagoko neurketak egiteak aukera handiak emango dituela antimateriaren eta materiaren arteko desberdintasunak eta berdintasunak ikertzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila