Antibiotiko-hondarrek uretako bizidunei kalte egiten diete

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

antibiotiko-hondarrek-uretako-bizidunei-kalte-egit
Ikertutako zianobakterioa (ezk.) eta alga berdea (esk.), aztertutako antibiotikoez inguratuta Arg. Madrilgo Unibertsitate Autonomoa

Uretara iristen diren antibiotikoak bertako ekosistemarentzat kaltegarriak izateko mailetan daude. Hala ondorioztatu du Madrilgo Unibertsitate Autonomoko eta Alcala de Henaresko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek Water Research aldizkarian argitaratu duen artikulu batean. Hain zuzen, bost antibiotikok ur-inguruneko bi bizidun adierazgarritan, Anabaena zianobakterioan eta Pseudokirchneriella subcapitata alga berdean, duten eragina aztertu dute ikertzaileok.

Bost antibiotiko hauek aztertu dituzte: amoxizilina, eritromizina, tetraziklina, norfloxazinoa eta lebofloxazinoa. Egindako esperimentuetan ikusi dute antibiotikoek, bakarka, kaltetu egiten dituztela organismoak. Oro har, gainera, zianobakterioetan eragin handiagoa dute. Ez da harritzekoa, antibiotikoak, hain zuzen, bakterioei eragiteko diseinatuta baitaude. Hala, eritromizina oso toxikoa da bi bizidunentzat; tetraziklinak eragin handiagoa du alga berdean, eta, lebofloxazinoak eta norfloxazinoak, berriz, zianobakterioan. Amoxizilina, azkenik, toxikoa da zianobakterioentzat, baina ez alga berdearentzat.

Bakarkako eragin horrez gain, ordea, elkarrekin konbinatuta, eragin are kaltegarria dutela ondorioztatu dute. Izan ere, sinergiak dituzte elkarrekin konposatuek, eta efektu toxikoak bakarka eragiteko beharrezkoa den kontzentrazioa baino txikiagoan egonda ere agertzen direla. Ingurune naturaletan, ohikoa da antibiotiko-mota asko nahasita agertzea uretan.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila