Antares izarraren azala eta atmosfera, iruditan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

antares-izarraren-azala-eta-atmosfera-iruditan
Antares izarraren irudi osatua. Arg. ESO/K. Ohnaka

Eguzkia ez den izar baten irudirik onena lortu dute, ESO behatokiko VLT teleskopioaren interferometroa erabilita (VLTI). Antares da izar hori, bere bizitzaren amaieran dagoen super-erraldoi gorri bat, eta, haren azalaren irudi osatua ez ezik, atmosferako materialen abiaduraren mapa ere egin dute. Nature aldizkarian eta ESOren webgunean argitaratu dituzte emaitzak.

VLTI-k lau teleskopioren argia konbina dezake; horrela, teleskopio birtual bat sortzen du, 200 metroko ispilu baten parekoa. Teleskopio bakar batekin baino askoz ere xehetasun gehiago jasotzeko aukera eman die horrek astronomoei.

Antaresko materialen mugimenduaren abiadura erakusten duen mapa. Arg. ESO/K. Ohnaka

Hain zuzen, ez zekiten nola galtzen duten bizitzaren amaieran dauden izarrek hain azkar beren masa. Orain, VLTI-a erabilita, atmosferako gasen eta izar osoaren batezbesteko abiaduren diferentzia kalkulatu dute, Antares osoan. Emaitza: Antaresko atmosferako gasen abiadura erlatiboaren mapa, Eguzkia ez den izar baten lehena.

Astronomoek zehaztu dutenez, aurreikusitakoa baino dentsitate txikiko gas zurrunbilotsu gehiago detektatu dute izarretik urrun, eta ondorioztatu dute hori ezin dela konbekzioagatik izan, baizik eta oraindik ezagutzen ez duten beste prozesu batengatik izan behar duela.

Edonola ere, erabili duten metodoa izar super-erraldoi gorrien atmosfera aztertzeko baliagarria dela azpimarratu dute: “izarrak behatzeko leiho berri bat ireki du”, esan du Keiichi Ohnaka ikerketaburuak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila