Anaia Handia gizentasunaren kontrako gurutzadan

George Orwell-i ez zitzaion bururatu, baina bai Lausanako Unibertsitateko Yves Schutz-i. Satelite-sareek ahalbidetutako GPS sistemak pertsona bat erretzen ari den kaloriak zenbatzeko baliagarria dela ikusi du eta erabilera praktikoa aurkitu dio. Korrika ari den lagunak bizkarrean GPS hartzailea badarama, sateliteak bere posizio zehatza hiru dimentsiotan kalkulatzeaz gain, abiadura eta ibilitako metroak kalkula ditzake eta, horrekin, erretzen ari den kaloria-kopurua. Ikerlari suitzarrak belaunaldi berriak zergatik diren gizenagoak jakin nahi du.

Bidea: GPS sistema bidez eguneko 24 orduetan bakoitzaren jarduera fisikoa neurtzea. Horrela, gizartearen ongizateari laguntzeaz gain, norberak nahiko ariketa egiten duen ala ez neurtzeko modua ere izango omen luke. Ez al zaie bururatuko behar baino gutxiago egiten duenari zigorra ezartzea!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila