Amebaren hozkada txikiak

Parasitoak koloneko-zelulei bizirik daudela egiten die eraso trogozitosiaren bitartez

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

amebaren-hozkada-txikiak
Amebak trogozitosian harrapatuta. Ezkerrean, amebek (berdez) T zelula batzuei, eta, eskuinean, amebek (urdinez) koloneko zelulei egiten diete eraso. - Arg. © Katy Ralston eta David Zemo

Entamoeba histolyca ameba-espezieak, amebiasi-kasu gehien eta larrienak eragiten duen parasitoak, trogozitosia erabiltzen du koloneko zelulei eraso egiteko. Virginiako Unibertsitateko ikertzaile batzuek Nature aldizkarian argitaratu dutenez, parasitoak zelulari zatiak kentzen dizkio oraindik bizirik dagoela, eta zati horiek fagotizatzen ditu. Horren ondorioz, denborarekin, koloneko zelularen barruko kaltzio-kontzentrazioa handitu egiten da, eta zelula hil egiten da. Ustez, horrela suntsitzen du amebak ehuna, eta amebiasia izeneko gaixotasuna eragiten du.

Zelulei hozkada txikiak egitearen antzeko efektua da; horregatik deitzen diote trogozitosi eraso-mekanismo horri, grekozko trogo aurrizkiak kosk egitea esan nahi duelako. “[Amebak] bizirik dagoen materia jatea eta hildakoa baztertzea ez dator bat onartuta genuen ereduarekin; ez du jadanik hilda dagoen ehuna garbitzen”, diote Virginiako Unibertsitateko ikertzaileek.

Orain arte, immunitate-sistemako zeluletan bakarrik ezagutzen zuten trogozitosia; hain zuzen ere, linfozitoek hozkada txikien bitartez hiltzen dituzte zelula arrotzak, horien kanpoko mintzean antigeno jakin batzuk topatzen dituztenean. Baina orain zientzialariek amebetan ere aurkitu dute mekanismo hori bera, eta horregatik uste dute oso jatorri zaharreko mekanismoa izan daitekeela eboluzioan.

 

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.