Amatasunak mugarik ez

Babuino-emeek arrei iruzur galanta egiten diela konturatu da Alemaniako biologo-talde bat. Kume gazteekin dauden emeak babuino-arrak erakarri egiten dituzte benetako antzezlana burutuz. Gainerako primate-espezie askok egiten duten moduan, emeei ipurtaldea puztu eta gorritu egiten zaie arreske daudenean. Gehienetan obulazio-garaian gertatzen da hori eta arrei kopula burutzeko gonbidapen ikusgarria izan ohi da.

Dietmar Zinner-ek —babuinoak ikertzen aritu den taldeko kideak— adierazi duenez, zenbait kasutan emeei ipurtaldea obulazio-sasoitik kanpo ere gorritzen zaie, arrei ziri ederra sartuz. Portaera bitxi hau umedun daudenean eta emeak kume txikiak zaintzen ari direnean behatu izan da. Halaber, taldearen agintea ar berri batek hartu ostean, portaera hau maizago gertatzen dela ikusi dute. Egoera horretan, kopula burutu arren, ez da ernalketarik gertatzen, noski, eta emeen erditze-tarteak berdin mantentzen dira.

Emeen iruzur honetarako azalpen posible bat ere eskaini dute ikertzaileek. Babuinoen kasuan, kumeak erruz hiltzen dira eta, gainera, hildako kumeen % 60 inguru arrek akabatzen dituzte. Arrek, kume gazteak akabatuz, emeen obulazioa bizkortzea lortzen dute eta portaera hau erraz ulertzen da talde-buru lanak egiten dituen arra berria denean. Hildako kumeak ez dira bereak eta lehenbailehen bere geneak barreiatu nahi ditu. Baina horra hor, emearen kontra-estrategia: bere kumeak babestearren, fikziozko araldia antzeztea, hain zuzen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila