Amadeo Avogadro

Azkune Mendia, Iñaki

Elhuyar Fundazioa

Fisikari italiar hau, Piemonteko Turin hirian jaio zen 1776.eko ekainaren 9an.

Zuzenbidea ikasi zuen, eta 1800. urtean matematika eta fisika ikasteari ekin zion. Bere gisa zientziak sakon landu zituen, irakaskuntzan aritu zelarik. 1809. urtean izan ere, matematika- eta fisika-irakasle izendatu zuten Vercelli-ko errege-kolegioan eta 1820. urteaz gero goi-mailako fisika irakatsi zuen Turingo Unibertsitatean.

Gay-Lussac-en aurkikuntzak zioenez, tenperatura igo ahala gas guztiak proportzio berean zabaltzen ziren, eta Avogadrok hori aztertuz ideia bat izan zuen. Bere ustez, gas guztiek tenperatura jakin batean bolumen-unitateko partikula-kopuru berdina eduki behar zuten. Ideia horren berri 1811. urtean eman zuen eta kontu handiz esan zuen aipatutako partikulak banakako atomoak zertan izanik ez zeukatela. Atomo-konbinazioak (gaur egun molekula izendatzen ditugunak) ere izan zitezkeen.

Horretan oinarrituz erraz esplikatu zuen Gay-Lussac-en bolumen-konbinaziorako legea. XIX. mende-hasieran Ritter-ek ura elektrolizatu egin zuen, oxigenoa eta hidrogenoa banandurik bilduz. Oxigenoaren bolumena hidrogenoarenaren erdia zela ikusi ahal izan zuen. Avogadrok orduan bere hipotesia aplikatuz ur-molekulak bi atomo hidrogeno eta atomo bat oxigeno zituela frogatu zuen. Bildutako oxigenoaren pisua guztira hidrogenoaren pisua baino zortzi aldiz handiagoa bazen, oxigeno-atomoa hidrogenoarena baino hamasei aldiz astunagoa zen (eta ez, Dalton-ek zioenaren arabera, zortzi aldiz astunagoa).

Dena den, Avogadroren ideiak hurrengo hamarkadetan inork ez zituen aintzakotzat hartu. Daltonek alde batera utzi zituen eta garai hartako kimikari ospetsuena, Berzelius, gaitzesteraino heldu zen. Horren ondorioz kimikariek nahasketa handiak izan zituzten, atomoak, molekulak, pisu atomikoak eta pisu molekularrak bereiztu ezinik.

Estanislao Cannizzaro izan zen Avogadro (hil eta handik bi urtera) aintzakotzat hartu zuen lehenengoa, eta orduan lortu zuen zientzilari turindarrak bizitzan ukatu zioten ospea.

Gaur egun Avogadro famatua da, bere izena duen zenbakiak gramotan adierazten den pisu atomikoak (edo molekularrak) zenbat atomo (edo molekula) dituen kalkulatzeko balio duelako. Karbono (IV) oxidoak adibidez, pisu molekularra 44 du eta gas horretako 44 gramotan Avogadroren zenbakia adina molekula egongo dira, hau da, 6,022x1023 molekula (602.600 trilioi molekula).

Mola definitzeko ere erabiltzen da Kimikan. Izan ere substantzia baten mol bat, substantzia horren 6,022x1023 unitate dauzkan kantitatea baita.

Avogadro Quaregna eta Ceretto-ko konde izan zen bere bizialdian, eta heriok Turinen eraman zuen 1856.eko uztailaren 9an.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila