Almidoi-arrasto batzuek irauli egin dituzte Paleolitoari buruzko zenbait uste

Almidoi-arrasto batzuek irauli egin dituzte Paleolitoari buruzko zenbait uste
2010/12/01 | Elhuyar
Duela 30.000 urteko tresnetan aurkitutako almidoi-aleek frogatzen dute irina egiten zutela. Arg.: Istituto Italiano di Preistoria e Protostoria.

Duela 30.000 urteko tresna batzuetan, almidoi-ale mikroskopikoak aurkitu dituzte Italiako, Txekiar Errepublikako eta Errusiako aztarnategi batzuetan. Italiako ikertzaile-talde batek egin du aurkikuntza, eta Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkariak eman du lanaren berri.

Ikerketak ordura arte Paleolitoari buruz zeuden zenbait uste ezeztatu ditu. Adibidez, zabalduta zegoen Paleolitoko pertsonak batez ere haragijaleak zirelako ustea. Berez, ehiztari-biltzaileak ziren, eta ehizatutako animalien haragia, organoak eta hezur-muinak ez ezik, bildutako elikagaiak ere jaten zituzten: landareak (300 bat espezie), sustraiak, fruituak, arrautzak... Baina, nekazaritza sortu arte, landare-jatorriko elikagaien proportzioa dietan txikia zela uste zuten.

Orain aurkitu dituzten tresnek landareak ehotzeko balio dute, eta almidoi-aleek frogatzen dute irina egiten zutela. Horrekin, zopa edo taloak egingo zituzten. Ikertzaileek egindako kalkuluen arabera, gaur egungo zerealen pareko energia zuten jaki horiek, eta, beraz, dietaren parte garrantzitsua ziren.

Horrez gain, irina egiteko aukera izateak ehizatzea eta janaria biltzea ez beste jarduera batzuetarako denbora izatea ekartzen du, irinak luze irauten baitu. Halaber, Anna Revedin ikerketa-taldeko kidearen esanean, ikerketak erakutsi du emakumeek pisuzko zeregina zutela giza talde haietan, haiek arduratzen baitziren landareak prozesatzeaz.

1
270
2010
12
013
Dietetika/Elikagaiak; Paleontologia
Albisteak
15

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.