Alexander Graham BELL

Kaltzada, Pili

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Asmatzaile eta ikerlari eskoziarra Edinburgh-en jaio zen 1847.ean. Gaztetatik izan zuen soinuaren transmisioarekiko kezka, bere familian arazo horiek ikertzen aritutako kide asko baitzegoen. Bellen aita izan zen jaiotzetiko gor-mutuei hitz egiten erakutsi zien lehena.

1868 eta 1870 urte bitartean aitarekin lanean aritu zen hitzen transmisioa aztertzen eta Edinburg-eko ume gorrei hizketan erakusten. Garai horretan tuberkulosiak gogor astindu zuen Eskozia osoa eta Bellen bi anai eraman zituen. Alexander gaixotu zenean, familiak Kanadara joatea erabaki zuen. Erabat osaturik, urtebete egin zuen bertan Bellek eta 1873an EEBBetako Boston hirian finkatu zen, bertako Unibertsitatean irakaslea izan zelarik. Unibertsitatean gor-mutuen hizkuntzaren ezagutza sakondu zuen. Garai horretakoak dira, besteak beste, soinuaren dinamikari buruz Bellek egindako ikerketak.

Bellen ustez, soinu-uhinak kodifika eta dekodifika daitezkeen inpultso elektriko bihur zitezkeen. Hori lortuz gero, urrutiko komunikazioa egiterik lortuko zela zioen behin eta berriro Bellek. Bere etxean bertan eratu zuen teoria hori baieztatzeko behar zuen zirkuitua. Beheko solairuan balizko komunikazio-sistema horretan soinu-uhinak igortzen zituen aparatua kokatu zuen eta goikoan soinu horiek jasoko lituzkeen hartzailea.

Behean lanean ari zen goiz batean, azido botila bat hustu zitzaion gainean. Larriturik, bere laguntzaileari dei egin zion. Watson bere laguntzaileak geroago azaldu zuenez, ezuste ikaragarria izan zuen bat-batean goiko pisuko aparatu hura hizketan hasi zitzaionean. Beraz, zuzen zebilen Bell eta nahigabe izan bazen ere, telefono-bidezko lehen elkarrizketa izan zen istripu horren ondorioa.

1876an bere asmakizuna patentatu egin zuen. Urte berean ospatu zen Filadelfian EEBBetako Independentziaren urteurrena eta Bell izan zen ekitaldietako protagonista nagusia. Telefonoak berehalako sarbidea izan zuen EEBBetan eta 30 urte zituela, Bell asmatzaile aberats eta ospetsua zen.

Lanean jarraitu zuen Bellek bere asmakizuna eta gor-mutuen hizkuntza hobetzen. 1881ean metala atzematen zuen aparatua asmatu zuen eta 1883an Science aldizkaria sortu zuen. 1915ean inauguratu zen EEBBak alderik alde zeharkatu zuen lehen telefono-sarea. Bell eta Watson izan ziren sare berriaren lehen erabiltzaileak. Etxe bereko solairuak ezezik, kontinente bereko bi kostaldeak lotu zitezkeela frogatu ahal izan zuen Bellek.

Alexander Graham Bell 1922ko abuztuaren 2an zendu zen Kanadako Baddeck hirian.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group