Afrikatik kanpoko gizaki modernoen arrasto zaharragoak aurkitu dituzte

afrikatik-kanpoko-gizaki-modernoen-arrasto-zaharra

Ekialde Hurbilean aurkitutako giza aztarna berri batzuek agerian jarri dute gizaki modernoak uste zena baino lehenago atera zirela Afrikatik.177.000 eta 194.000 urte bitartean dituzten giza hortzak aurkitu dituzte, gure espeziearen ezaugarri argiak dituztenak, Israeleko Misliya kobazuloan. 

Orain arte uste zen gizaki modernoak duela 90.000-120.000 urte atera zirela lehenengo aldiz Afrikatik, hortaz, aurkikuntza berriak gure espeziearen historia nabarmen aldatuko luke, eta genetikariek seinalatu izan dutenarekin bat egiten du (duela 220.000 urte inguru atera zirela). Joseba Rios Burgosko Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentroko ikertzaileak garrantzitsutzat jo du aurkikuntza: “ia 80.000 urte aurreratzen du gizaki modernoaren irteera. Horrek esan nahi du 80.000 urte gehiago izango zituztela neandertalekin kontaktua izateko“.

"Genetikak erakutsi du neandertalen eta gizaki modernoen arteko nahasketa nagusia gizaki modernoa Europara iritsi baino dezente lehenago gertatu zela, eta Ekialde Hurbilean kokatzen da eszenario posiblea" –argitu du Riosek. Hominidoen migrazioetarako korridorerik handiena izan zen Ekialde Hurbila Pleistozenoan zehar. Gizaki modernoak etorri ziren Afrikatik, neandertalak Europatik, eta joan-etorri horretan 150.000 urtetan zehar egon ziren hor bi espezieak, ikerketa berriaren arabera.

Misliyan aurkitutako giza hortzak

Misliya kobazuloko gizakiek Levallois industria litikoa erabiltzen zutela adierazi dute ikertzaileek, hortaz, teknologia hori erabiltzen zuten gizaki modernoen aztarnarik zaharrenak dira. “Oso teknika kontrolatua da Levallois. Puntak meheak eta oso aho zorrotzekoak egiten zituzten, oso teknika planifikatua eta lanerako arau finkoez. Aurrerapausu teknologiko itzela izan zen, produkzio sistematikoa lortzen baitzen. Salto teknologiko horren agerpenean jartzen dugu Behe eta Erdi Paleolitoaren arteko muga” –argitu du Riosek. “Ekialde Hurbileko industrietan ordena jartzeko balioko du ikerketa honek, neandertalek edo gizaki modernoek, bakoitzak zein egin zuen argitzeko, garai haietan teknologia aldetik oso antzekoak baitziren bi espezieak”. 

Gizaki moderno arkaikoen aztarna gutxi dago, hortaz, oso konplexua da haien sorrera, kultura eta migrazioak aztertzea. Riosen arabera, “artikulu honek beste mugarri bat jarri du, hori ulertzen joateko”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group