Aerosolak, hodei-sortzaile apartak

Atmosfera garbian dauden aerosol-kontzentrazio txikiek eragin handia dute hodeien sorreran.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

aerosolak-hodei-sortzaile-apartak
Arg. Ilan Koren ©

Kutsatutako aireak aerosol asko izaten ditu, eta hodei asko sorrarazten ditu, aerosolek hodeien nukleazioa eragiten dutelako. Baina ikerketa batek frogatu du aire garbian ere hodei asko sortzen direla, aerosol-kontzentrazioa oso gutxi handituta, gainera. Emaitza horiek Science aldizkarian argitaratu dituzte.

Gehienetan, aerosolen eta hodeien arteko lotura oso aire kutsatuetan ikertu da, baina Israelgo Weizmann Institutuko meteorologo batzuek atmosfera garbiko guneetan aztertu dute. Datuak jaso dituzte, eta eredu matematiko bat osatu dute hodeien sorrerari eta eboluzioari jarraitzeko. Ikerketaren emaitzak erakusten du aerosolen kontzentrazioa eta hodeien sortze-abiadura ez direla linealki lotutako parametroak. Oso gutxi handitu behar du aerosolen kontzentrazioak atmosfera garbian hodeiak azkar ugaritzeko.

Horregatik, giza jarduerari dagokionez, Weizman Institutuko zientzialariek proposatu dute industrializazioaren hasierako garaietan (XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran) oso handia izan zela aerosolen eragina hodeietan. Jarduera naturalari dagokionez, ikertzaileek onartzen dute hasierako ikerketa bat besterik ez dutela egin, ez baitituzte kontuan hartu aerosol-kantitateak naturalki dituen gorabeherak. Sumendiak, haize-lasterren dinamika eta beste faktore meteorologiko batzuk direla eta, atmosfera garbian aerosolak ez dira orekan egoten, eta, alde horretatik, asko findu beharko dute oraindik hodeien sorreraren eredu matematikoa.

Nolanahi ere, ikerketak informazio berria eta berritzailea ekarri du: aerosolek ez dutela kutsatutako airean bakarrik eragiten.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.