269.000 tona plastiko dago flotatzen munduko ozeanoetan, gutxienez

Plastiko-zatien kopurua eta guztizko pisua kalkulatu dituzte

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

269000-tona-plastiko-dago-flotatzen-munduko-ozeano
Itsasoan jasotako plastiko-zati txikiak. Arg. SEA/Skye Moret

Munduko ozeanoetan plastiko pila dagoela flotatzen gauza jakina da. Pila hori zenbat izan daitekeen kalkulatu dute orain Kaliforniako Five Gyres Institutuko ikertzaileek: 268.940 tona pisatzen duten 5,5 bilioi plastiko-zati, gutxienez.

Kalkulua egiteko, sei herrialdetako eta 24 espediziotako datuak bateratu dituzte. Espedizio horiek 2007 eta 2103 artean egin ziren, eta eremu hauetan bildu zituzten datuak: munduko bost zurrunbilo ozeaniko subtropikalak, Australiako kostaldea, Bengalako badia, eta Mediterraneo itsasoa.

Kalkulua egiteko, bi datu nagusitan oinarritu dira ikertzaileak: zenbat mikroplastiko jaso zuten espedizio horiek sareetan, eta zenbat plastiko-zati handi ikusi zuten flotatzen. Ondoren, datu horiekin, ozeanoetan plastikoaren banaketa zein den iragartzen duen eredu bat kalibratu zuten. Behin eredua kalibratuta, ikertzaileak gai izan dira kalkulatzeko zenbat plastiko dagoen flotatzen gure ozeanoetan. PLOS ONE aldizkarian argitaratu dituzte lanaren emaitzak, eta azpimarratu dute lehenengo aldiz alderatu dituela ikerketa batek tamaina guztietako plastikoak. Horrekin batera, ikertzaileek nabarmendu dute oso zuhurrak izan direla kalkuluekin, eta  “gutxieneko kopuruak” direla emandakoak.

Ozeanoetako plastiko-kantitatea eta banaketa, Five Gyres Institutuko ikertzaileen ereduaren arabera (koloreen bidez dentsitatea adierazten da, g/km2-tan). Mapa bakoitza plastiko-tamaina bati dagokio. Arg. Five Gyres Institutua/PLOS ONE aldizkaria

Mikroplastikoak urrunago, eta azalean gutxiago

Kantitateaz gain, ereduak informazio gehiago ere ematen du. Adibidez, plastiko-zati handiak ugariagoak direla kostaldean, edo, ikertzaileek uste zutenaren kontra, urrutiagoko zurrunbiloetan daudela mikroplastikorik txikienak (4,75 mm baino txikiagoak). Egileen esanean, tamaina desberdineko plastiko-zatien banaketak iradokitzen du zurrunbilo ozeanikoek birrintzaileen lana egiten dutela, plastiko-zati handienak txikituz; ondoren, kanporatu egiten dituzte zati txiki horiek, eta ozeanoetan barrena zabaltzen dira.

Halaber, ikusi dute plastiko handien zatikatze-erritmoak iradokitzen duena baino askoz ere mikroplastiko gutxiago dagoela itsas azalean. Hori azaltzeko, ikertzaileek proposatu dute uste baino eskala handiagokoak direla mikroplastikoak gainazaletik kentzen dituzten mekanismoak: izpi ultramoreen ondoriozko degradazioa, biodegradazioa, organismoek irenstea, flotagarritasuna galtzea organismoei itsasten direlako, hondoratzen diren zati handiagoei lotzea, lehorreratzea... Gerta liteke, halaber, mikroplastikoak are gehiago zatikatzea, eta, sareen zuloetatik ihes egiten dutelako, ez detektatzea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group