Pauma baten irakaspena

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

pauma-baten-irakaspena

Biziak 4.500 milioi urtean izan duen eboluzioak ez dio ezertarako balio izan Mister P. izeneko paumari. Beste edozein paumak bezala, isats luzea eta koloretsua du, oso kolore biziak, eta emeak erakartzeko moduko dantza bat egiten du naturaltasun osoz. Eboluzioak ez du huts egin. Arazoa, ordea, Mister P.-k gorteiatu nahi duen emea da. Ez da pauma eme bat; izan ere, ez da pauma, ezta beste hegazti bat ere. Mister P.-ren maitea gasolindegi bateko hornigailua da.

Ospetsu egin zen Mister P.: egunero joaten zen hornigailua seduzitzera, Brierly herrian (Ingalaterra), eta hain tematia zen, ezen BBCko albistegietan ere irten baitzen 2006 urtean. Hornigailuaren koloreak eta funtzionatu bitartean egiten zuen zaratak nahasten zuen pauma. Benetako pauma emeen antzeko hotsa egiten zuen, eta Mister P. erabat engainatzen zuen.

Anekdota horretatik abiatuta idatzi du Antonio José Osuna Mascaró biologoak liburu bat: El error del pavo inglés . "Barre egiten dugu paumaren istorioa jakitean --dio Osunak-- baina beharbada gizakiok ere egiten ditugu neurri horretako akatsak. Azken batean, animalia hutsak gara".

Hori da Osunaren liburuaren azpiko ideia orokorra. Animaliak gara, eta animalien jokabide berbera dugu; adibidez, Mister P.-k egiten duen akatsaren antzeko beste akats batzuk egiten ditugu.

Pauma ingelesa liburuaren lehen adibidea da, eta garrantzitsuena, baina ez da Osunak kontatzen duen istorio bakarra. Lotura harrigarriak egiten ditu testuan zehar. Adibidez, orkak eta sakarina lotzen ditu, bizia zer den azaltzen du, eta beste istorio asko tartekatzen ditu. Fisika eta kimika baliatzen ditu beharrezkoa denean, eta oso kontakizun entretenigarria osatzen du.

Liburuak modu sakonean aztertzen du gizakiak nola ikusten duen bere burua, eta nola beste animaliak. Eta horretan da bereziki interesgarria liburuaren oinarrizko ideia: animaliak gara. Dena dela, animalia antropozentrikoak gara, eta horrek gogoetarako bidea zabaltzen du. Liburu honetan Osunak egiten duen hausnarketa oso interesgarria da alde horretatik.

El error del pavo inglés
Antonio José Asuna Mascaró
Universidad de Granada, 2012
210 x 140 mm
ISBN: 9788433853738
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila