Italiako judu baten bizitza kimikoa

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Italiako judu baten bizitza kimikoa
2010/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Dava Sobel estatubatuarra idazle ezaguna da. Zientzia-dibulgazioko liburuak argitaratu ditu, eta urte asko eman ditu artikuluak eta zutabeak idazten (elkarrizketa 18. orrian). Aurreko zenbakietan haren bi liburu gomendatu ditugu, Los Planetas eta Longitud, eta oraingo zenbakirako berari eskatu genion beste liburu interesgarri batzuk gomendatzea. "Irakurri al duzu Oliver Sacks idazlearen Uncle Tungsten?" Baiezkoa eman genion; hain zuzen ere, liburu horixe (El Tío Tungsteno) gomendatu genuen otsaileko aldizkarian.

Sobelen beste gomendio bat Primo Levi italiarraren Il sistema periódico liburua da ( El sistema periódico , gaztelaniaz).

"Liburu zoragarria da. Primo Levi judu italiarra zen. Kimikaria lanbidez. Liburuaren kapitulu bakoitzak elementu baten izena darama, baina, egia esan, bere bizitzari buruzko kontakizuna da. Eta nola interesatu zitzaion kimika, ume bat zenean. Lagun baten laborategiko giltzak zituen Levik, eta hara sartzen zen esperimentuak egitera."

Kapitulu batzuetan, elementuaren eta kontakizunaren arteko lotura Levik berak sortzen du; lehen kapituluan, adibidez, familiaren jatorri juduari buruz hitz egiten du, eta osabak gas nobleekin konparatzen ditu (osaba deitzen zioten familiatik gertu zegoen ia edozein ezaguni). Beste kapitulu batzuetan, istorioak berak du elementuekin lotura, laborategietan izandako pasadizoak biltzen dituelako.

Kimikaz gain, asko eskaintzen du kontakizunak. "Liburuaren zati handi bat bigarren Mundu Gerrari buruzkoa da", dio Sobelek. "Gerra-presoa izan zen. Auschwitz-en egon zen, eta handik bizirik irten zen. Eta geroago bere buruaz beste egin zuen. Oso bizitza tragikoa izan zuen. Eta idazle aparta zen".

Burdinari eskainitako kapituluan, adibidez, Sandro lagunarekin izan zuen adiskidetasunaz hitz egiten du Levik. Ikaskide izan zuen, eta lagun mina; 1944an hil zuten tiro batez, eta hiltzailea hamabost urteko ume bat zen.

Bi kapitulu fikziozko istorioak dira, Titanio eta Sufre izenburukoak. Gerra bukatu eta urte gutxira idatzi zituen biak (1950 inguruan), eta hogeita bost urte geroago jaso zituen, liburu honetan sartzeko.

Kritikari askok diote liburua gogorra dela baina merezi duela irakurtzea. Eta Dava Sobelek berak ere nabarmentzen du hori. Baina, hori esan ondoren, hasieran esan ziguna errepikatu zuen: "Liburu zoragarria da".

El sistema periódico
Primo Levi
El Aleph Editores
215 x 142 mm
ISBN: 84-7669-672-8
Jatorrizko izenburua: Il sistema periódico
Roa Zubia, Guillermo
2
266
2010
7
023
Bibliografia; Kimika
Liburutegia
58
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila