Ikaslearen garuna eta konplexutasuna: bi bidaia interesgarri

Itziar Laka hizkuntzalariaren gomendioz

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

ikaslearen-garuna-eta-konplexutasuna-bi-bidaia-int

Ikastea prozesu miresgarria da. Organo baten funtzionamendu konplexua eskatzen du, garunarena alegia. Egia da oraindik ez dakigula zehatz-mehatz nola funtzionatzen duen garunak eta zein diren ikaste-prozesuaren sekretu guztiak, baina gero eta ikerketa hobeak ari dira egiten esparru horretan. Hain zuzen ere, ikaste-prozesua ikertzen du Itziar Laka Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko irakasleak, EHUko Letren fakultatean. Gaian aditua da eta horri buruzkoa da gomendatu duen liburuetako bat. Horrekin batera, bere esparrukoa ez den oso bestelako liburu bat ere gomendatu du: konplexutasunari buruzko bat.

Lehenengoa The Infinite Gift liburua da, Charles Yang estatubatuarrarena. "Yang irakaslea Ikerbasquek antolatzen duen Zientzia Foroan izan genuen hizlari", gogoratzen du Lakak. "Liburu atsegin eta erakargarri horretan, haurrek hizkuntza nola ikasten duten azaltzen digu, eta, horren haritik, hizkuntzaren egitura eta izaerari buruzko hainbat kontu jakingarri agertzen dira. Arrakasta handiko liburua da, eta espero dezagun ikertzaile horrek dibulgazio-liburu gehiago idaztea laster".

Liburu horretan, egileak Noam Chomsky adituaren teoria azaltzen du, alegia, gizakiak hizkuntza ulertzeko ahalmenak osagai genetiko garrantzitsu bat duela.

Lakak gomendatzen duen bigarren liburua zeharo ezberdina da. Melanie Mitchell estatubatuarraren Complexity: A guided tour liburua da. Mitchell konputazio-irakaslea da, informatikaria, eta esparru askotako konplexutasunaren gaia aztertzen du, betiere ordenagailu baten konputazioarekin erlazionatuta.

"Eguraldia, txori-aldrak, hodeiak, hizkuntza, burmuina, gizartea... denak dira sistema konplexuak", dio Lakak. "Konplexutasunaren teoriak horien arteko antzekotasunen zergatia ikertzen du, ba ote da sistematikotasunik antzekotasun horietan? Alor horretan aditua ez naizenez, esan dezaket liburu honek ematen duela gai honi buruz ezagutzen dudan azalpenik argien eta erakargarriena. Bazter batzuetan matematikaren aldapan gora egin behar da, eta denak ez gara tontorrera helduko, baina, hala ere, merezi du liburu honek proposatzen digun ibilaldiari ekitea".

The Infinite Gift
Charles Yang
Scribner argitaletxea
224 x 152 mm
ISBN: 978-1451612998
Complexity: A guided tour
Melanie Mitchell
OUP USA argitaletxea
231 x 152 mm
ISBN: 978-0199798100
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila