Bizimodua 2100. urtean

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

bizimodua-2100-urtean

Michio Kaku oso fisikari ezaguna da dibulgazioaren munduan. Dokumental asko aurkeztu ditu, eta liburu asko idatzi. Haietako bat, Physics of the Future , 2012ko liburu salduenetako bat izan zen. Liburuan, Kakuk aztertzen du nola aldatuko duen fisikak eguneroko bizimodua epe jakin batera begira: 2100. urtea.

"Liburu hau eta aurrekoak ezberdinak dira", dio egileak liburuaren sarreran. Idatzi dituen liburu batzuetan ( Beyond Einstein, Hyperspace, Parallel Worlds ...), fisikaren esparruko azken teoria iraultzaileak aztertzen zituen Kakuk. Physics of the Impossible liburuan, berriz, zientzia-fikzioaren eta fisika modernoaren arteko harremana aztertzen zuen, azken aurkikuntza batzuek erreal bilaka litzaketelako zientzia-fikzioaren gai tipikoak: ikusezintasuna, denboran zeharreko bidaia, telepatia, telegarraioa, robotak, estralurtarrak, eta abar. Visions liburuan urrats bat harago egin zuen; hurrengo hamarkadetako fisikari buruzkoa da, hipotesietan oinarritua. Kakuk dio liburu horretan plazaratu zituen ideia batzuk betetzen ari direla.

Baina Physics of the Future liburuak askoz ikuspegi zabalagoa du; batez ere, denborari dagokionez. Mende oso baterako iragarpenak biltzen ditu. Ordenagailuen etorkizuna, adimen artifizialarena, medikuntzarena, nanoteknologiarena, energiarena, bidaia espazialena, aberastasunarena eta gizakiarena berarena ere aztertzen ditu.

Horrekin, Kakuk aztertu nahi izan du nolako eragina izango duten fisikaren aurrerapenek gizakiaren ohiko bizimoduan, esparru bakoitza norantz garatzen ari den ikusita. Jakina, ez da erraza etorkizuna asmatzea. Bizimodua ez dago teknologia berrien mende bakarrik. Beste faktore asko ere sartzen dira.

Batzuetan, gainera, iragarpen teknologikoak ez dira betetzen: ordenagailuak ez zuen desagerrarazi paperetan inprimatutakoa, edo Interneteko konexioak ez ditu bertan behera utzi aurrez aurreko negozio-bilerak. Kakuk esaten du "leizeetako gizakiaren printzipioa" dela horren arrazoia. Alegia, teknologiaren eta gizaki primitiboaren senaren arteko gatazka dagoen bakoitzean, senak irabazten duela. Kontratu bat nahiago dugula paperean izan, eskuekin ukitzeko moduan, ordenagailuan gorde baino. Eta arrazoi horrek ez dio ematen lehentasuna beti asmakuntza berriari, betiko erabileraren aurrean.

Hala eta guztiz ere, liburu ausarta idatzi du Michio Kakuk. Denboran aurrera begira idazten den guztia da ausarta. Kasu honetan, fisikaren perspektiba zabala duen idazle ezagun baten lumatik dator, eta horretan datza liburuaren interesa.

Physics of the Future
Michio Kaku
Allen Lane, 2011
240 x 162 mm
ISBN: 978-1846142680
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila