Alaba, bere ama ospetsuari begira

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

Alaba, bere ama ospetsuari begira
2011/07/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: -)

Asko idatzi da Marie Curie handiari buruz. Biografia asko argitaratu dira. Horien artean, nabarmentzekoa da zientzialari ospetsuaren alabak, Eve Curiek, 1937an idatzitakoa. Argitaratu zenetik sekulako arrakasta izan du biografia horrek. Zientzia-dibulgazioaren klasiko bihurtu zen, eta orain, Klasikoak elkarteari esker, euskaraz ere badago liburua eskuragarri, Elhuyar Fundazioak itzulita.

Egilearen gurasoak, Marie eta Pierre Curie, eta ahizpa, Irene Curie, goi-mailako zientzialariak izan ziren; hirurek jaso zuten Nobel saria. Gainera, Everen senarra, Henry Richardson Labouisse, UNICEF-eko burua zen erakundeak bakearen Nobel saria jaso zuenean, 1965ean.

Eve kazetaria zen, eta liburu honetan kazetaritza onaren zorroztasunari heltzen dio. "Ez dut aldatu funtsezko esaldirik, ezta jantzi bakar baten kolorea asmatu ere. Nik idatzi bezalaxe gertatu ziren gauzak, eta jarri ditudan hitzak egiatan esan ziren pertsonaien ahotan", dio hitzaurrean.

Liburua Madame Curie hil eta gero idatzi zuen. Alde batetik, Evek posizio ezin hobea zuen biografia idazteko; protagonista izan zen, eta beste protagonista asko oso gertu izan zituen. Amaren gertuko erretratu zehatza egiten du, eta oso ondo islatzen du nola aldatzen den zientzialariaren bizitza urteetan aurrera egin ahala.

Kontakizuna Polonian hasten da, eta liburuaren lehen zatiak Marie Parisera joan arteko denbora-tartea hartzen du. Garai zaila zen Poloniarentzat, eta Mariek, heziketa zabal bat jaso duen arren, begiak Parisen ditu jarrita, Sorbonako Unibertsitatean.

Liburuaren bigarren zatia Parisen gertatzen da, eta Evek ia ezagutu ez zuen pertsona bat agertzen da: Pierre Curie, Marieren senarra eta Everen aita. Garai hartako lanak lehen Nobel saria ekarri zien senar-emazteei, 1903an. Bigarren zati honen mugarria tragedia bat da, ordea. Pierre Curie zalgurdi batek harrapatuta hil zen, Evek urtebete besterik ez zuela. Kapitulu oso bat bete zuen 1906ko apirilaren 19an gertatutakoarekin. Pierreren heriotzak asko eragin zion Madame Curieri.

Azken zatian, hortik aurrerako bizitza azaltzen du. Madame Curie jota zegoen Pierreren heriotzarekin, baina lanean jarraitu zuen gogor. Eta bigarren Nobel sari bat irabazi zuen 1911n. Oso zientzialari ospetsua zen, nahiz eta bera ez zen horrela sentitzen. "Ez zekien famatua izaten", dio Evek.

Harentzat ere Marie Curie ez da pertsonaia ospetsu bat, baizik eta ederki ezagutzen zuen norbait.

Madame Curie
Eve Curie
Ed. Klasikoak, S.A.
225 x 146 mm
ISBN: 978-84-96455-32-0
Jatorrizko izenburua: Madame Curie
Itzulpena: Irati Bereau
Elhuyar Fundazioa
Roa Zubia, Guillermo
2
277
2011
7
024
Bibliografia; Biografiak; Fisika
Liburutegia
54
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila