Marian Iriarte Ormazabal Kimikan doktorea

“Kimika saiatu da eragin dituen arazoei konponbidea aurkitzen”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Antza denez, Marian Iriarte Ormazabal ezetz esaten ez dakiten horietakoa da; ez, behintzat, Elhuyarri. Izan ere, deitu diogun bakoitzean eman digu baiezkoa, eta beti azaldu da laguntzeko prest. Oraingo honetan ere ez dio uko egin elkarrizketari, baina, aitortu digunez, denbora behar izan du erantzunak pentsatzeko. Ondo hausnarturako erantzunak dira, beraz.

marian-iriarte-ormazabal-kimika-saiatu-da-eragin-d
Arg. Manuel Diaz de Rada

Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Nire bizitza akademikoan, berrikuntza eta aurkikuntza asko egon dira nire alorrean: kimikan eta zehazki polimeroen kimikan. Baina zerbait nabarmentzekotan, behar bada aipatuko nuke kimikak zer eragin izan duen gure eguneroko bizitzaren kalitatea hobetzen. Oinarrizko jakinduriak, laborategietan eta bestelakoetan garatutakoak, material berriak sortzea ekarri du. Hortxe ditugu mendira doazenek erabiltzen dituzten material arin, iragaztezin eta isolatzaileak; edo gure hezurrak apurtzen direnean ordezko gisa erabiltzen diren protesi polimerikoak, edo apurtzen ez diren autoetako kristalak, autoak gero eta arinago egiten dituzten material polimerikoak...

Honekin batera, beste gauza bat ere aipatuko nuke: teknologiak zenbat lagundu duen gertatzen diren erreakzio asko hobeto ulertzen. Hau da, erreakzioetan lortzen diren materialak zer diren zehazteko karakterizazio-teknikak hainbeste hobetu direnez (espektroskopia, erresonantzia magnetikoa, kromatografia, mikroskopia elektronikoa...), erreakzioen mekanismoak eta produktuen egiturak errazago ulertzeko aukera eman digute.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Kimikaren kasuan, aurreko urteetan gauzak behar bezala ez egiteagatik, industria kimikoak arazo asko eragin ditu. Baina egia da, aldi berean, Kimika saiatu dela eragin dituen arazoei konponbidea aurkitzen. Hortaz, etorkizunean ikusi nahi nuke ea kimikariok gai ote garen hondakinek eragiten dituzten arazoak konpontzeko.

Marian Iriarte Ormazabal
Marian Iriarte Ormazabal (Donostia, 1962). 1985ean, Kimikan lizentziatu zen, EHUn, eta, geroztik, beti egon da EHUren Kimika Fakultatera lotuta. Han lortu zuen doktoretza, gero irakasle egin zen, eta, iaztik, EHUko Donostiako Kimika Fakultateko dekanoa da. POLYMAT ikerketa-taldeko kide ere bada, eta dibulgazioan ere aritzen da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.