Opiazeoak eta kanabinoideoak: minaren aurkako borroka

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Opiazeoak eta kanabinoideoak, drogak izateaz gain, sendagaiak dira. Izan ere, opiazeoak (morfina, metadona, etab.) aspalditik erabiltzen dira mina gutxitzeko eta kanabinoideo askok ere ezaugarri analgesikoak dituzte.

Sendagaien inguruan hitz egitean, oso garrantzitsua da epe luzeko tratamenduen ostean zer gertatzen den jakitea. Azterketa hori opiazeo eta kanabinoideoekin eginez gero, bi arazo nagusi agertzen dira: batetik, drogak izaki, mendekotasun psikikoa sortzen dute eta, bestetik, epe luzera mendekotasun fisikoa eta tolerantzia agertzen dira.

Papaberazeoen familiako fruituetatik ateratzen da opioa.

Mendekotasun psikikoa droga kontsumitzeko premia izendatzeko erabiltzen da eta mendekotasun fisikoa, berriz, zelulen egokitzapena dela esan daiteke. Hala ere, bi mendekotasun horietaz gain, tolerantziak ere garrantzi handia du, minaren kasuan adibidez. Tolerantzia gorputza sendagaira ohitzen denean agertzen da eta, hori gertatzean, mina kentzen duen prozesua desagertu egiten da. Beraz, efektu bera lortzeko, hau da, mina kentzeko, gaixoari eman beharreko dosia handitu egin behar da.

Konponbidearen hipotesia

Leioako ikerketa-taldearen arabera, opiazeo eta kanabinoideoek sendagai bezala dituzten arazoak konpontzeko, oxido nitrikoa (NO) izan daiteke gakoetariko bat. Oxido nitrikoa burmuinean gas-egoeran dagoen neurotransmisorea da. Ikertzaileen ustean, opiazeo eta kanabinoideoekin batera oxido nitrikoaren inhibitzaileak emanda, tolerantzia eta mendekotasuna eragotziko lirateke eta, gainera, eragin terapeutikoa ez litzateke galduko.

Zenbait emaitzak hipotesia baieztatu dute; hala ere, ondorioak ez dira hain garbiak. Oxido nitrikoaren inhibitzaileak aztertuta tolerantzia partzialki eragozten dutela ikusi dute, baina, aldi berean, tentsioa igotzen dute. Izan ere, inhibitzaile horiek ez dute burmuinean soilik eragiten eta, horregatik, beste zenbait albo-ondorio dituzte. Hori ikusita, burmuinean, eta ez beste inon, eragingo luketen inhibitzaileak aurkitu nahi dira.

Opiazeoak aspalditik, baina kanabinoideoak noizko?

Leioan egiten ari diren ikerketa zentzu askotan berritzailea da. Izan ere, opiazeoak aspalditik erabili eta aztertzen badira ere, beren jarduera-mekanismoa oraindik argitzeke dago; eta kanabinoideoekin oso ikerketa gutxi egin da.

Horregatik, ikerketa-taldeak opiazeoak aztertuko ditu gehienbat, morfina, hain zuzen. Opiazeoen azterketan, oxido nitrikoaren inhibitzaileek neuronen jardueran eta minean zein ondorio dituzten aztertuko dute. Horretarako, gune desberdinetako (locus coeruleus-eko eta bizkar-muineko) jarduera neuronala aztertuko dute eta, minaren erreflexua neurtuz, min gutxiago edo gehiago sentitzen den ikusiko dute. Horrez gain, erreserba-hartzaileak eta hartzaile horien ezaugarri farmakodinamikoak baliozkotuko dituzte.

Azken azterketak, berriz, kanabinoideoekin egingo dituzte. Kanabinoideoek locus coeruleus gunean zein eragin duten ikusi nahi dute eta, ondoren, eragin horren tolerantzia neurtu.

  • Proiektuaren izenburua
    Analgesikoekiko mendekotasunean parte hartzen duten mekanismo neurobiologikoak: oxido nitrikoaren eragina opiazeo eta kanabinoideoen tolerantzian.
  • Helburua
    Opiazeo eta kanabinoideoekiko tolerantzia gertatzen den egokitzapen-mekanismoetan oxido nitrikoaren eragina aztertzea.
  • Ikertzaile nagusia
    Joseba Pineda Ortiz.
  • Lan-taldea
    Mª I. Ulibarri, M. Torrecilla, M. Santamarta, A. Mendiguren, J. Llorente.
  • Saila
    Farmakologia.
  • Fakultatea
    Medikuntza eta Odontologia Fakultatea (Leioa).
  • Finantziazioa
    Zientzia eta Teknologia Ministerioa.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila