Rush doktorearen pilulak, Lewis eta Clarken espedizioan

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

rush-doktorearen-pilulak-lewis-eta-clarken-espediz
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Rush doktoreak argi esan zion Lewisi: “gaixotasuna datorrela ohartu orduko hartu pilula libragarri bat edo bi”. Pilula miragarri haiek Rush doktoreak berak sortuak ziren. Osagai nagusia kalomel izenez ezagutzen zen substantzia bat zen; merkurio kloruroa. Eraginkorra bezain toxikoa.

Arriskuz betetako bidaia luze baterako prestatzen ari zen Meriwether Lewis, Thomas Jeffersonen idazkaria. 1803an Louisiana erosi ondoren, Jeffersonek espedizio bat egitea pentsatu zuen, eskuratutako lurrak esploratzeko eta Missouri ibaia kontinentearen mendebaldeko zatia zeharkatzeko merkataritza-bide egokia izan ote zitekeen aztertzeko. Baita, bide batez, lur haiek estatubatuarrenak zirela aldarrikatzeko ere.

Lewis aukeratu zuen espedizio haren buru izateko. Eta Lewisek armadan lagun izan zuen William Clarki eskatu zion laguntza, “izaera indartsua, zuhurtzia, basoan bizirauteko gaitasuna eta indioen izaera eta ohituren ezagutza” baitzituen hark, Lewisen hitzetan. Espedizioa prestatzeko, Lewis eta Clarkek formakuntza jaso zuten hainbat arlotako adituren eskutik. Izan ere, espedizio hark helburu zientifikoak ere izango zituen: lur ezezagun haietako animalia, landareak, eta geografia ikertzea, esaterako.

Horrez gain, Lewisek Rush doktorearen eskutik ikasi zituen espedizioan behar izan zitzakeen medikuntza-ezagutzak. Benjamin Rush garaiko mediku amerikar entzutetsuena izan zen; Jeffersonen laguna, eta Amerikako Estatu Batuetako Independentzia Aldarrikapenaren sinatzaileetako bat. Garai hartan ohikoa zenez, defendatzen zuen gorputzeko humoreen edo fluidoen desorekak eragiten zituela gaixotasun guztiak. Lau humore zeuden: odola, flema, behazuna eta behazun beltza. Hala, odol gehiegi izateak sukarra eragiten zuen, adibidez, eta behazun gehiegik, berriz, idorreria. Lehenengo kasuan odola ateratzea zen erremedioa, eta, bigarrenean, laxanteak hartzea.

Kalomela botika bikaina zen horretarako. Dosi handietan, libragarri bortitza zen. Hesteak berehala hustuz, behazuna maila egokira eramaten zuen. Baina, hori 
gutxi ez, eta dosi txikietan sifilia sendatzeko ere balio zuen. Rush doktorearen ehunka kalomel-pilula eraman zituzten espedizioko botikinean, eta baita kalomel-hautsa eta kalomel-ukendua ere.

1804ko maiatzaren 21ean atera ziren 
40 bat gizon St. Charles-etik (Missouri), Missouri ibaian gora. Bi urte eta erdian Pazifikoko kostara iritsi eta buelta egin zuten. Helburu zientifikoei dagokienez, esploratutako eremuaren mapak egiteaz gain, 
178 landare eta 122 animalia espezie berri aurkitu zituzten, haien artean koiotea, antilope amerikarra, mando-oreina, Lewisen okila, Clarken intxaurjalea, eta abar.

Bestalde, 70 bat triburekin egin zuten topo, ia beti modu baketsuan. Izan ere, indioekin harreman onak egitea ere bazen misioaren helburuetako bat, merkataritza-tratuak egin ahal izateko, besteak beste. Areago, indioen laguntza ezinbestekoa izan zuten, Mendi Harritsuetan galduta edo negu gogorretan goseak hilda ez bukatzeko.

Gizon bakarra galdu zuten; espedizioa hasi eta hiru hilabetera Floyd kapitaina gaixotu eta hil egin zen. Uste da apendizitisa izan zela. Kasu hartan Lewisek ezin izan zuen ezer egin. Baina gainerako osasun-arazoei aurre egitea lortu zuen.

Rush doktorearen pilulek arrakasta handia izan zuten espedizioan. Izan ere, eguna joan eta eguna etorri, ehizatutako animalien haragia baino ez zuten jaten ia. Hori, onenean. Ehizarik ez zegoenean, zakurrak ere jan zituzten, indioek egin ohi zuten bezala. Izokin lehortua zen beste aukera, baina, nahiago zuten zakurra. Edonola ere, ia haragia soilik jaten zuten, eta batere zuntzik ez. Hala, idorreria eguneroko gaitza zen espedizioan. Zorionez, Rushen pilulak izugarri eraginkorrak ziren.

Sifiliari aurre egiteko ere behar izan zituzten Rushen pilulak eta kalomel-hautsa. “Siouxek eta arikarek ohitura bitxi bat dute —idatzi zuen Lewisek bere egunkarian—: emakume politak eskaintzen dizkiete esker ona adierazi nahi dieten haiei”. Handik hilabete batzuetara, berriz, honelako oharrak idazten hasi zen, bere gizonei buruz: “Oro har osasuntsu daude, salbu eta gaixotasun benereo batzuk, zeinak oso ohikoak diren natiboen artean… gizonek haiengandik hartu dituzte”. Edo, “Goodrich eta McNeal oso gaizki daude aurreko neguan Chinook emakumeengandik hartutako sifiliarekin… Deskantsurako tarte bat hartuko dugu, merkurioa lasai erabili ahal izan dezaten”.

Kalomela gaixoa txistua botatzen hasi arte erabiltzea zen gomendioa. Orain jakina da merkurioaz pozoitzearen sintoma dela hori. Izan ere, sifilia eragiten 
duten bakterioentzako toxikoa da merkurioa, baina baita ostalariarentzat ere. Hala ere, Lewis eta Clarkek ongi aukeratu zituzten euren gizonak. Gizon gogorrak. Gai izan ziren bidai luze hartako arriskuei aurre egiteko, bai eta botika eta tratamendu gogor haiei ere.

Berrehun urte beranduago espedizioak utzitako merkurio-arrastoa baliagarria izan zaie arkeologoei. Horri esker baieztatu ahal izan dute arkeologoek espedizioaren kanpalekuetako baten kokapen zehatza. Ziur ezagutzen den bakarra. Lewisek “Traveler’s Rest” izena eman zion errekaren ondoan dago, gaur egungo Montanan. Inguru hartan sua egin eta beruna urtu izanaren arrastoak topatu zituzten, eta handik 90 bat metrora, ustez komun gisa erabilitako puntu bat. Hain zuzen ere, distantzia hori zen (300 oin) Lewisek eta Clarkek jarraitzen zituzten arau militarren arabera sua egiteko lekuaren eta komunaren artean egon behar zuena. Froga garbia topatu zuten: komun gisa erabilitako puntu hura merkurioan aberatsa zen.

 

Bibliografia:

BRANDT, A. (2003): “Sex, Dog Meat, and the Lash: Odd Facts About Lewis and Clark”. National Geographic.

DEVLIN, S. (2004): “Resarchers pinpoint exact location of Travelers’ Rest”. Missoulian.

FESSENDEN, M. (2015): “How to reconstruct Lewis and Clark’s journey: Follow the mercury-laden latrine pits”. Smithsonian.com

HIGBY, G. J. : “Rush’s Bilious Pills”. Discovering Lewis and Clark.

NATIONAL PARK SERVICE: “Lewis and Calrk Expedition. A National Register of Historic Places Travel Itinerary”.

NATIONAL PARK SERVICE: “Information on the Arikara Indians. Recorded by Members of the Lewis and Clark Expedition”.

SMITH, B. (2004): “Archaeologist to present report on Travelers' Rest”. Ravalli Republic.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila