Leonardo Torres Quevedo. Oinak lurrean, burua airean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

leonardo-torres-quevedo-oinak-lurrean-burua-airean
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Donostian, 1907ko irailaren 30eko euri zaparradek ez zuten Ulian bildutako jendearen ikusmina zapuztu. Hirurehun bat metroko distantziara zeuden bi tontorren artean, ongi tenkaturik ikusten ziren sei kable; eta, haietatik zintzilik, 18 pertsonentzat omen zen burdinazko ontzi bat. Gailu ikusgarria, egun hartan inauguratzera zihoazen hura. Pertsonentzako munduko lehen aireko transbordadorea.

“Uda honetan Donostiak bere koloniari eskaini dion nobedadea Uliako aireko transbordadorea da —zioen 1908ko abuztuaren 27ko La Correspondencia de España egunkari madrildarrak—; zeina tontorretik tontorrera doan, bidaiariak enbarazurik gabe labarretara eramanaz. Hari metalikoetatik zintzilik dagoen plataformak zintzur sakon bat zeharkatzen du. Bidaia laburrak zirrara eragiten du”.

Uliako aireko transbordadorearen asmatzailea Leonardo Torres Quevedo zen, ordurako ospetsua. Kantabrian jaioa zen 1852an, baina gaztaroa Bilbon igaro zuen. Bertakoa zen aita. Gurasoak lanagatik kanpoan izaten zirenez, familiakoen edo lagunen etxean bizi izan zen denbora askoz, batez ere Concepción eta Pilar Barrenetxea ahizpen etxean. Azkenak, gainera, bere fortuna guztia utziko zion Leonardori.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Ingeniaritza ikasi zuen Madrilen, eta, ikasketak bukatuta Europan zehar bidaiatzeari ekin zion, azken aurrerakuntza zientifiko eta teknologikoak gertutik ezagutzeko asmoz. Barrenetxeak utzitako herentziak aukera eman zion bidaiatzeko, eta gehien gustatzen zitzaiona egiteko: ikertzea eta asmakizunak egitea.

1885ean ezkondu eta Kantabriako Portolin herrian  jarri zen bizitzen. Hantxe sortu zuen lehenengo transbordadorea. Kable batzuetatik zintzilikatutako aulki bat etxetik abiatu eta 200 metroko distantziara eta 40 metro altuago zegoen zelai batera igotzen zen, behi pare baten indarraz. Hortik abiatuta, 1889an patentatu zuen pertsonak garraiatzeko aireko transbordadorea. Hurrengo urtean Suitzan aurkeztu zuen, baina ez zuen arrakastarik izan, eta bai isekak eragin, hango hedabideetan.

Transbordadoreen ideia alde batera utzi zuen, eta makina aljebraikoen arloan murgildu zen. 1893an, 41 urterekin, aurkeztu zuen bere lehen lan zientifikoa: “Memoria sobre las máquinas algébricas”. Kalkulagailu analogikoei buruzko lan teoriko bat zen.

Aeronautikan ere sartu zen, eta globo gidatuek zituzten hainbat arazo konpontzeko irtenbide bikainak eman zituen 1902an. Handik lau urtera, globo gidatu autozurruna patentatu zuen. Diseinu horretan, Torres Quevedo berak azaltzen zuenez, “zepelinen elementu metaliko zurrun guztiak, zeintzuek asko pisatzeaz gain gidatzeko oso zaila egiten duten, sokazko habe batekin ordezkatzen dira. [...] Globoa gasez betetzean, presioak sokak tenkatzen ditu, eta horrek egitura zurrun baten trinkotasun bera ematen dio. Globoa hustutakoan, berriz, bildu eta erosotasunez garraiatu daiteke”.

Torres Quevedoren globoek arrakasta handia izan zuten. Batez ere, urte batzuk beranduago, Lehen Mundu Gerran. Frantziak 20tik gora egin zituen, Erresuma Batuak 60tik gora, Errusiak lau, AEBk sei, eta Japoniak bat.

Eta globoek eraman zuten beste asmakizun handi bat egitera. Globo esperimentalak probatzeak izan zezakeen arriskuarekin kezkatuta, urrutitik kontrolatzeko sistema bat asmatu zuen. 1903an aurkeztu zuen Parisko Zientzien Akademian telekinoa, irrati bidezko munduko lehen urrutiko kontrola. Hurrengo urteetan hainbat hobekuntza eta proba egin ondoren, 1906ko irailean, Bilboko portuan egin zuen erakustaldia. Jendetza bildu zen. Torres Quevedok txalupa bat gidatu zuen Abrako Itsas Klubeko terrazatik.

Erakustaldi arrakastatsu haren ondotik, hurrengo hilabetean sortu zuten Bilbon hainbat euskal enpresarik Ingeniaritzako Lan eta Ikerketen Elkartea. Elkartearen oinarrietako lehen puntuak garbi uzten zuen helburua: “On Leonardo Torres Quevedok aurkeztutako proiektu edo asmakizunak esperimentalki aztertzea eta gauzatzea”. Elkarte horrek bultzatuta egin zuen aurrera transbordadorearen proiektuak, Donostiako Ulia mendian. Orduan bai, arrakasta izan zuen transbordadoreak, eta hainbat herrialdetan egin ziren antzekoak. Famatuena Niagarako ur-jauzietan egindako Spanish Aerocar-a. Gaur egun martxan jarraitzen du hark.

Izen handia hartu zuen Torres Quevedok, eta Espainiako Estatuak Mekanika Aplikatuko Laborategia sortu zuen harentzat. Gero Automatikako Laborategi bihurtuko zen, Torres Quevedok ingeniaritzaren arlo berri hori irekiko baitzuen. Hain zuzen ere, 1914ean argitaratu zuen Ensayos sobre Automática. Lan horretan, Torres Quevedok zioen automatak gai izango zirela erabakiak hartzeko. Gainera, eragiketa aritmetikoak digitalki egiteko aurrekariak ezarri zituen, eta Charles Babbage-ren makina analitikoa ere aipatu zuen, esanaz prozedura soilik mekanikoak erabili zituelako egin zuela huts.

Urte berean Ajedrecista izeneko automata aurkeztu zuen. Makina hura gai zen xake oso sinplifikatu batean gizaki baten kontra jokatzeko. Makinak dorre bat eta erregea mugitzen zituen, eta aurkariak erregea bakarrik. Makinak aurkariaren mugimenduen arabera erantzuten zuen, eta beti iristen zen xake-matera. Gainera, ezin zitzaion tranparik egin; aurkariak mugimendu okerren bat eginez gero, protesta egiten zuen automatak, eta hiru aldiz oker eginez gero, itzali egiten zen.

Miresmen handia eragin zuen makina hark. Baina are gehiago zuen emateko Torres Quevedok. 1920an, 68 urterekin, aritmometro elektromekanikoa aurkeztu zuen. Eragiketa aritmetikoak egiteko gai zen gailu bat zen, idazteko makina bati konektatua. Idazteko makinan idazten zen egin nahi zen eragiketa, makinak kalkulatu, eta automatikoki idazteko makinan idazten zuen emaitza. Askoren ustez, huraxe izan zen lehenengo ordenagailua.

 

Bibliografia:

ARAMBERRI, J. (): “Torres Quevedo, el otro Leonardo”. Euskonews and Media.

GONZÁLEZ REDONDO, F.A. (2008): “Leonardo Torres Quevedo, el más prodigioso inventor de su tiempo“. CIC Network

ITURRALDE, M. (2015) “Un funicular español en las cataratas del Niágara”. El Correo

VELASCO, J.J. (2011): “Historia de la tecnología: El ajedrecista, el abuleo de Deep Blue”. Hipertextual

VELASCO, J.J.(2013): “Leonardo Torres Quevedo, un español adelantado a su tiempo”. Blogthinkbig.com

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila