John Herschelen Ilargi miragarria

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

john-herschelen-ilargi-miragarria
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Urte pare bat zeramatzan John Herschelek Esperantza Onaren lurmuturrean (Hego Afrika), Hego hemisferioko zerua ikertzen, egun batean amerikar bat agertu zitzaionean, eskuan egunkari bat astinduz. Bere zoologikorako animalia bila Afrikara joan zen amerikar hark kontatu zion egunkari hartan "berorren aurkikuntza astronomiko handiak" kontatzen zirela. Herschelek, harrituta, oparia eskertu zion. Eta irakurri bezain pronto: "Zer arraio da hau! Otoi, zer esan nahi du honek?"

Amerikarrak kontatu zionez, hilabete batzuk lehenago, New York Sun egunkariak Herschelek Ilargian egindako aurkikuntza txundigarrien berri eman zuen, 6 artikuluko serie batean.

1835eko abuztuaren 21ean atera zen lehen berria. Albiste labur bat zen, Edinburgh Courant-etik ekarria: "Jakin berri dugu, hiri horretako [Edinburgo] editore entzutetsu baten eskutik, Sir John Herschelek aurkikuntza astronomiko liluragarri batzuk egin dituela Esperantza Onaren lurmuturrean, printzipio erabat berri batean oinarritutako teleskopio baten bidez". Haren atzetik etorriko ziren aurkikuntzen berri emango zuten sei artikuluak.

Lehena abuztuaren 25ean argitaratu zuten, editorearen ohar batekin: "Gaur hasita, Edinburgh Journal of Science-en gehigarri berritik ateratako zatien serie bat argitaratuko dugu...". Lehen artikulu hark Herschelek sortu zuen teleskopio berriaz hitz egiten zuen. Teleskopio izugarri handia zen, baina gakoa "hidro-oxigenozko mikroskopio" izeneko leiar berri batean zegoen. Teleskopio harekin azter zitekeen "baita Ilargiko entomologia ere, haren gainazalean intsekturik egonez gero".

Hain zuzen ere, Ilargian bizia aurkitu zuela ere esaten zuen lehen artikulu hark, xehetasun gehiago eman gabe. Eta, azkenik, artikuluen egilearen aurkezpena zegoen. Andrew Grant doktorea zen, William Herschel ospetsuaren ikaslea izandakoa, eta orain, haren semearen laguntzailea, Esperantza Onaren lurmuturrean. Grantek kontakizun hau idatzi omen zuen, Edinburgh Journal of Science-entzat, Herchelek berak Royal Societyrako idatzitako testu akademikoago baten osagarri gisa.

Bigarren artikuluan, 1835eko urtarrilean lehenengoz teleskopioa Ilargira begira jarri zutenekoa kontatzen zen. Ikertzaileen begien aurrean "arroka basaltikoen irudikapen bizi eta ederra" agertu zen. Berehala konturatu ziren arroka "lore gorri ilunez estalita" zegoela. Teleskopioa mugitu eta basoak ikusi zituzten, hagin erraldoiak ziruditen zuhaitzez osatuak, eta "area zuri distiratsuzko hondartzak, itxuraz marmol berdezko harkaitz malkartsuz inguratuak, eta tonu lilako orratz eta piramide distiratsuak". Gero, bailara bat, kristalizatutako "bermiloi puruenezko" mendixkaz inguratua, ur-jauziz betea. Eta bailara horretan Bisonteen antzeko animalien taldeak. Haiek, gero aurkituko ziren beste animalia askok bezala, luzakin iletsu bat zuten, begiak babesteko "periodikoki Ilargiaren alde hartan izaten zuten muturreko argitasun eta iluntasunetik". Adar bakarreko ahuntz urdinxka bat ere ikusi zuten, eta izaki anfibio arraro bat, esferikoa, abiadura handiz biraka, harkoskozko hondartza batean.

Hirugarren artikuluan 38 zuhaitz-espezie, landare-kopuru bikoitza, bederatzi ugaztun eta bost obiparo aipatzen ziren. Eta adimenaren lehen zantzuak: kastore bipedoak. Kastore bitxi haiek bi hankatan ibiltzen ziren, eta kumeak besoetan eramaten zituzten. Etxolatan bizi ziren, "gizaki basatien tribu askok baino hobeto eraikitako" etxolatan; eta, haietatik ateratzen zen keak iradokitzen zuenez, suaren erabilera ere menderatzen zuten.

Laugarrenean, giza itxurako izakiak aurkitu zituzten, mendixka gorrizko eraztun baten barruan. "Kobre-koloreko ile motz eta distiratsuz estalita zuten gorputza, aurpegia izan ezik, eta hegoak zituzten bizkarrean". "Vespertilio-homo, edo gizaki-saguzar" izendatu zituzten. Elkarrekin hizketan aritzen zirela zirudien, eta beraz "animalia adimendunak" zirela ondorioztatu zuten. Bestalde, "haien jostaketa batzuek lotsa eragingo lukete Lurreko txukuntasunaren ikuspegitik begiratuta".

Hurrengo artikuluan, berriz, itxuraz abandonatutako tenplu misteriotsu batzuen berri ematen zen. Eta, azkenekoan, tenpluetatik gertu Vespertilio-homo eboluzionatuago bat aurkitu zutela esaten zen; "aurrekoak baino altuagoak, kolore argiagokoak, eta, alderdi guztietatik, arrazaren aldaera hobetu bat". Fruituak biltzen, hegan, bainatzen eta hizketan pasatzen zuten eguna "izugarri ederrak ziren, eta gure begietara ia margolaririk onenak irudikatutako aingeruak bezain maitagarriak ziruditen".

Herschelek barre egin zuen horren guztiaren berri izan zuenean. "Susmoa dut Esperantza Onaren lurmuturrean egindako teleskopio-behaketen emaitzak oso umilak izango direla, bai behintzat kontakizun amerikar horrek egozten dizkidanen ondoan!", esan zuen irribarretsu.

Baina ez zuen asko iraun Herschelen umore onak. Izan ere, berri haiek mundu osora zabaldu, eta sekulako asaldura eragiten ari ziren. 1836ko abuztuan honela idatzi zion Herschelek Londongo Athenaeum aldizkariko editoreari: "...garaia da gezurtatzeko nire ezagutza edo parte-hartzea niri egotzi zaizkidan aurkikuntzen izenean argitaratu diren zentzugabekeria horiei dagokienean". Eta urtebete beranduago honela idatzi zion Caroline izebari: "Alde guztietatik gogaitu naute Ilargiaren iruzur barregarri horren kontura; ingelesez, frantsesez, italieraz, eta alemanez!"

Izan ere New York Sun-ek ez zuen berehalakoan onartu iruzurra. Dena asmatua izan zitekeenaren susmoa zabaltzen hasi zen arren, tinko eutsi zion egunkariak. Esaterako, New York Herald egunkariko (Sunen arerio nagusia) editoreak, James Gordon Benettek, hasieratik kritikatu zuen hura dena asmatua zela. Eta 1835eko abuztuaren 31an, datu argigarri bat ere eman zuen: Sun ek aipatzen zuen iturria, Edinburgh Journal of Science, bi urte lehenago itxi zuten; beraz, ezinezkoa zen aurkikuntza haiek han argitaratu izana. Eta Benettek, testu haien benetako egilea Richard Adams Locke zela ere aurreratu zuen. Sun ek ezer aitortu gabe jarraitu zuen, eta Lockek gezurtatu egin zuen hura.

1836ko udazkenean, Sun utzi eta New Era-n hasi zen Locke. Egunkari berrira iritsi eta gutxira idatzitako artikulu bat honela sinatu zuen: "Ilargiaren Iruzurraren egilea".

"Sarrera honek #KulturaZientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila